Realari bultzada emateko, 'Agurra' Lezon
Babeserako egitasmoa bihar (hilak 10, ostirala) 18:00etan burutuko dute Gurutze Santuaren plazan. Realaren ereserkiarekin 'Agurra' dantzaren grabazioa egitea da asmoa.
Jakina da Realak Espainiako Kopako finala jokatuko duela hilaren 18an Sevillan (Andaluzia, Espainia) Atletico Madrilen kontra. Realzaleen artean zirrara berezia sortu du final horrek. Lezon badira futbol taldearen jarraitzaile asko, eta Zubitxo Dantza Taldearen ekimenez, partida handi horri begira babesa eman nahi diote futbol talde txuri-urdinari, nola eta dantzan.
Babeserako egitasmoa bihar (hilak 10, ostirala) 18:00etan burutuko dute Gurutze Santuaren plazan. Izan ere, Lezon realzale asko badira ere, dantzazaleak ere ugari dira. Beraz, dantzan Reala babesteko hautua egin dute Zubitxokoek: Agurra dantzaren herri grabazioa egin nahi dute, dantza horren urratsekin, baina Realaren ereserkiaren doinuarekin. Grabazioa egin, eta aurrerago zabalduko dute.
Herri grabazioa izanik, grabatuko den saiora herritar oro joan daitekeela azaldu dute deitzaileek, parte hartzea irekia da. Dantzan egingo dutenei baldintza jarri diete, janzkerari dagokiona: Realaren elastikoa jantzita eraman behar dute, horren azpian gona edo galtza zuriak, eta alpargata zuriak.
Ikusle moduan parte hartzeko aukera ere badela azaldu dute Zubitxo Dantza Taldekoek.
