Etxe-konposta egiten dutenei, deiak
Lezoko Udalak etxe-konposta egiten dutenei jarraipen bisitak egingo dizkie. Hitzordua zehazteko deia jasoko dute programan direnek.
180 bizikidetza unitatek egiten dute etxe-konposta Lezon, batez ere landa eremuko biztanleak dira. Hala, Lezoko Udalak iragarri du euren jardueraren jarraipena egiteko bisitak egingo dituztela adituek, Vermican enpresako kideek zehazki. Beraz, datozen egunetan enpresa horretako kideek etxe-konposta egiten dutenei hots egingo diete jarraipen bisita horien hitzordua zehazteko. Badaezpada deia zein telefono zenbakitik jasoko den jakinarazi du udalak, herritarrek kasu egin diezaioten: 634 31 22 74.
Udalak azaldu du bisita horien helburua konpostagailuen egoera aztertzea dela, haien funtzionamendu egokia bermatzeko eta parte-hartzaileei behar duten laguntza eskaintzeko. “Era berean, bisita hauek aukera izango dira herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko eta etxe-konpostajea ahalik eta modu eraginkorrenean egiteko gomendioak emateko”, zehaztu du udalak.
Etxe konpostajearen bitartez hondakin organikoak konposta bihurtzen dira, hondakinen kopurua murriztuz eta baretzeetarako edo lorategietarako kalitatezko konposta lortuz.
