Auzoen arima indartzeko lokal huts bila
Lokal hutsen jabeei deialdi zehatza egin diete: aldi baterako laga ditzatela, Auzoen Arimaren lehen fasean euren proiektuak aurkeztu zituzten sortzaileek aldi batez erabili ditzaten.
Bigarren fasean da Oarsoaldeko lau udalek Oarsoaldea Garapen Agentziaren bitartez eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin abian den Auzoaren Arima egitasmoa: merkataritza eta gizartea biziberritzeko proiektua da. Bigarren olatu honetan lokal hutsen bila ari dira, “arima duten proiektuentzako lokal bila ari gara”, esan du Oarsoaldeak. Lokal hutsen jabeei deialdi zehatza egin diete: aldi baterako laga ditzatela, Auzoen Arimaren lehen fasean euren proiektuak aurkeztu zituzten sortzaileek aldi batez erabili ditzaten, horrela, auzoei bizitza eman eta lokalak salmentarako edo alokairurako aktibatzeko.
Oarsoaldeko lau herrietako lokal hutsen jabeei egin diete egitasmoarekin bat egiteko deialdia. Baina bereziki, honako eremuetan dituztenei: Errenteria-Oreretan, Iztieta auzoan; Lezon, Jaizkibel, Kale Nagusia, Donibane eta Zubitxo kaleetan; Pasaian, Antxon; eta Oiartzunen Altzibarren nahiz Elizalden. “Lehen fasean proiektuak aurkeztu zituztenek identitatez eta sustraitzeko gogoz landu zituzten horiek. Orain, lokalak behar ditugu. Horien jabeei begira, aldi baterako lagapen hori lehen urratsa da beren espazioari balioa emateko eta maizter egonkor bat aurkitzeko”.
Auzoaren Arimak eredu erraza, malgua eta kosturik gabekoa eskaintzen die jabeei. Hilabeteko doako lagapen-kontratu baten bidez (automatikoki luza daiteke), lokalak aktibatu egiten dira dinamizazio komertzial, kultural edo artistikoari lotutako aldi baterako erabilerekin (pop-upak, erakusketak, denda txiki iragankorrak….). Hala, lokalak lagata, jabeek onurak izango dituztela adierazi du Oarsoaldeak: horien birbalorazioa inolako kosturik gabe emango da, ikusgarritasuna eta maizterrak erakartzea erraztuko da, eta auzo nahiz herrientzako onura komunitariokoak izango dira lokal huts horietan aldi batez egingo diren jarduerak. Sortzaileen proiektuak lokal horietan ezartzeko kostua, nahiz mantenuarena, Jaurlaritzaren esku geldituko dira.
Lokal hutsen jabeek hainbat bide dituzte informazio osagarria lortzeko eta egitasmoarekin bat egiteko. Honakoak dira:
- Webgunea: Auzoaren Arimak webgune propioa du.
- Posta elektronikoa: klik egin hemen hara iristeko.
- Telefonoa: 943 494 129
- Helbidea: Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentzia. Astigarragako bidea 2, 2. solairua, Oiartzun.
