"Rapak askatasuna ematen dit nire barrenak husteko"
Rap abeslaria da Julen Iglesias Falque pasaitarra. Hamarkada bat darama mundu horretan murgilduta, eta hilaren 5ean bere abesti berria atera zuen: 'Sesión de punto norte'.
Rapa zainetan darama Julen Iglesias Falque, Jul ELC, musikari pasaitarrak. Gazte zela murgildu zen unibertso horretan, eta barrenak husteko eta aldarrikapenerako darabil musika. Aske sentitzen da mikrofonoa hartzen duen bakoitzean. Hilaren 5ean atera zuen abesti berria: Sesión de punto norte. Talde bat ere badu, ELC 310, eta haiekin bideratzen du eguneroko jarduna. Euskal Herrian rapa alboratua dagoela esan du, eta egoera hori iraultzeko prest da.
Nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna? Nola murgildu zinen mundu horretan?
Duela hamar urte Bano ELC ezagutu nuen. Egun, kuadrillakoa eta ELC 310 taldeko kidea da, nirekin batera. Banok oilar gudu bat zer zen erakutsi zidan, eta hor hasi ginen mundu horretan sartzen eta interesa pizten. Paraleloki letrak idazten eta abestiak grabatzen hasi ginen. Ondoren, lagun batek mikrofono bat oparitu zigun, eta nola funtzionatzen zuen probatzen hasi ginen. Guk talde bat dugu, ELC 310, eta Bano, Luken, Beni eta ni neu gaude bertan.
Raperoa zara. Zergatik egiten duzu rapa? Zerk erakarri zintuen unibertso horretan murgiltzeko?
Esango nuke rapak askatasuna ematen dizula sentitzen duzun guztia helarazteko, bere ezaugarrietako bat gardentasuna baita.
Zertarako baliatzen duzu zuk musika? Zer kontatu nahi duzu raparen bidez?
Nire helburua da letretan nire egunerokotasuna eta sentimenduak islatzea, eta nire ingurua ere bertan irudikatzea. Sentitzen dudan guztia letretan jartzen dut, nire barrenak husteko tresnak dira abestiak.
Rap generoa, orokorrean, erreminta bezala erabiltzen da protesta egiteko, aldarrikapenerako edo kexatzeko, izan norberarenak edo sozialak. Rapa ere horregatik sortzen da, bere jatorrian protesta baitago eta letretan injustiziak salatzen baititugu.
Letretan, gainera, euskara sartzea gustatzen zait. Ez ditut euskarazko abesti osoak egiten, baina euskara presente izaten dut. Gaztelaniaz hasi ginen musika egiten, hitzak gaztelaniaz errimatzen, eta oso zaila egiten zait den-dena euskaraz egitea. Horregatik, gutxinaka euskarazko hitzak eta esaldiak sartzen ari naiz, hori da nire oinarrietako bat. Euskal Herriko hizkuntza da euskara, denon artean defendatu behar duguna. Nahiz eta gure musika euskara hutsean oinarritzen ez den, euskara ere gurekin doa eta presente dugu.
Zer ematen dizu musikak?
Musikak gauza asko ematen dizkit. Lasaitasuna ematen dit letrak idazten ditudanean, baita urduritasuna ere kontzertuak ematen ditugunean; baina, gehienbat, askatasuna ematen dit nire barrenak husteko.
Ba al duzu erreferenterik?
Ez dut idolo argi bat, baina baditut gustuko ditudan musikariak. Horietako bi dira Krone eta Denom. Madrildarrak dira biak, eta Madrilgo rap asko entzuten dugu.
Ba al duzu proiekturik esku artean?
Guri gertatzen zaiguna da fronte asko izaten ditugula irekita, eta horiek guztiak ixten saiatzen ari gara orain. Hilaren 5ean Luken kidearekin grabatutako abesti berria atera zen. Sesio bat grabatu dugu Bilboko lagun batzuekin. Sesión de punto norte du izena. Portugaleten egin genuen bideoklipa, eta bertako estudio batean grabatu genuen abestia.
Nola sortzen dituzu abestiak? Baduzu inspiratzen zaituen unerik?
Letrak nire kabuz idazten ditut. Inspirazioa, askotan, momentu desegokitan azaltzen da, lanean edo beste zerbait egiten ari naizenean agertzen baita. Iristen zaizkidan letrak apuntatu egiten ditut beti. Musika eta erritmoa Beni taldekidearekin egiten ditugu, bera baita taldeko DJa. Musika mikrofonoan probatzen dut, eta soinu probak egiten ditut erritmoak atera ahal izateko. Ondoren, letrak eta erritmoak nahasten ditut, abestiak sortzeko.
Nola sentitzen zara oholtzara igotzen zaren bakoitzean?
Lehen momentuetan tentsioa izaten dut, baina behin mikrofonoa hartzen dudanean aske sentitzen naiz. Inprobisazioaren munduan aritutakoa naiz, eta horrek eskarmentua eman dit oholtzan ondo sentitzeko. Asko lagundu dit horrek.
Inprobisazioa aipatuta, oilar guduak ere egiten dituzu. Nolakoak dira horiek?
Pertsona bat beste baten aurka aritzen da, kontzeptu baten inguruan inprobisazioak botatzen eta beste pertsonak horiei erantzuten die. Esango nuke gudu horiek alborago geratzen direla, ez dira horren komunak, baina gu horietan ere ibiltzen gara.
Hilaren 5ean abesti berria atera zenuten, Sesión de punto norte izenekoa. Horrez gain beste hainbat izango dituzu, ezta?
Aurtengo asmoa hiruzpalau abesti gehiago ateratzea da. Duela bizpahiru urtetik idatzita dauzkadan abestiak ditut, eta aurten topera ibiltzea espero dut, proiektuak itxi eta denborarekin profesionalizatu ahal izatea.
Profesionalizazioa aipatu duzu. Zaila al da musikaz bizitzea?
Oso pertsona gutxi ezagutzen ditut musikaz bizi direnak. Esango nuke momentu honetan ez dela nire asmo nagusia. Nire asmoa da egiten dudan lana profesionalizatzea eta bideoen, musikaren, soinuaren eta letren kalitatea hobetzea. Musikaz bizi banaiteke, iritsiko da aukera hori. Argi dago saiatuko naizela, baina zortea ere izan behar duzu. Bideak ireki nahi ditut, beste artista batzuekin kolaborazioak egiteko eta jarduna zabaltzen jarraitzeko.
Guk dena gure kabuz egiten dugu. Mikrofono bat dugu nire trastelekuan, eta hor sortzen ditugu abestiak. Ondoren, nik editatzen ditut. Orain kamera on bat eta egonkorgailu bat ere erosi ditugu, bideoklipak grabatu ahal izateko eta lana profesionalago egiteko.
Rapa beharbada ez da musika genero jarraituena eta zabalduena Euskal Herrian. Nolakoa da bere egoera? Zail egiten al zaizue publikoarengana iristea?
Egoera hori motibagarria da niretzat. Gaur egun jendeak reggaeton edo trap asko egiten du. Iruditzen zait rapa oso genero polita dela, baina marjinatua geratu dela. Horrek motibatu egiten nau gure inguruan raparen aurpegi moduko bat izateko. Rapa alboratua egon daiteke, baina aldarrikatu nahi dugu gu hemen gaudela eta aurpegia emango dugula.
Ba al duzu ametsik musikaren munduan?
Gustatuko litzaidake rapaz hitz egiten dugunean gure izena azaltzea eta izen hori ahal dugun altuen uztea. Euskal Herri eta estatu mailan kontzertuak eman ahal izatea ikaragarria litzateke, horiek leku berrietan egiteko eta jendea ezagutu ahal izateko.
Kontzertuak aipatu dituzu. Nola doakizue horiekin?
Kontzertuekin bolada ona izan dugu orain. Martxoaren 28an egin genuen azkena, Hondarribiko Psilocybenea aretoan. Gaztetxeetan ere izan gara azkenaldian. Uda gerturatu ahala gehiago aterako zaizkigu, herrietako festak etorriko direlako.
