Gutxieneko pentsioak Lanbidearteko Gutxieneko Soldatara arte osatzeko eskatu du Duintasunak
Kezkatuta itzuli da kalera Duintasuna, udaberriko oporraldiaren ostean. Zortzi urte baino gehiago dira hileko lehen astelehenero kalea hartzen duela pentsio eta zerbitzu publiko duinen alde, baina gaur egonezina areagotuta itzuli da Herriko Plazara.
Duintasunaren manifestazioa, apirilekoa. Kezkatuta itzuli da kalera Duintasuna, udaberriko oporraldiaren ostean. Zortzi urte baino gehiago dira hileko lehen astelehenero kalea hartzen duela pentsio eta zerbitzu publiko duinen alde, baina gaur egonezina areagotuta itzuli da Herriko Plazara. Horretarako arrazoiak azaldu ditu: produktu eta zerbitzuen garestitzea, erosteko ahalmenaren galera, hilabete bukaerara heltzeko gero eta arazo gehiago, gerra testuinguruak dakarren lehengaien garestitzea, oinarrizko eskubideen ukazioa…
Zerrenda luzea duintasunak egin duena; haserrea jarri du agerian, “osasunerako, zaintzarako, elikadura osasungarrirako eskubidea ukatzen digutelako, besteak beste. Lapurtzen diguten diruarekin, gero eta aberatsago bihurtzen dira beste batzuk”. Euren borroka jendarte oso baten aldeko konpromisoa da, argi utzi dute hasiera-hasieratik eta gaur ere horrela egin dute, atzetik datozen belaunaldientzat etorkizun duina nahi dutelako, “kalera irten gara gaur berriro, gure seme-alabentzat eta bilobentzat horrelako etorkizunik ez dugulako nahi, oinarrizko eskubideak ukatzen zaizkigun bitartean beste batzuk gure kontura aberasten ari direlako”.
Eusko Jaurlaritzari eskaera zehatza: gutxieneko pentsioak Lanbidearteko Gutxieneko Soldata LGSren %100 arte osatzeko. Espainiako gobernuari ere bidali dio mezua, kezkaz: “Martxoaren 20ko Errege Lege Dekretuan hartutako neurri ekonomiko eta fiskalak nabarmen gainditu dira, eta zerga beherapenek energia enpresek eta elikaduraren monopolioek aparteko onurak izateko baino ez dute balio”.
Etxera etorrita, manifestaziora deitu du pentsiodunen mugimenduak. Maiatzaren 7an izango da Gasteizen eta gutxieneko pentsioak LGSra arte parekatzeko eskatuko dute, “inoiz baino beharrezkoagoa da, eta mobilizatzen jarraituko dugu lortu arte”.
Osakidetzaren egoerak larrituta
Kezka ere, Duintasunak, Osakidetzak bizi duen egoerarekin. Marra gorriak jarri ditu pentsiodunen mugimenduak gai honetan, kalitatezko osasun arreta, murrizketarik gabekoa eta pribatizaziorik gabekoa. Gogora ekarri du joan den asteartean OPA Herri Plataformak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasungintza publikoaren diagnostiko latza egin zuela Gurutzetako ospitale aurrean, “kaltetze larri eta programatua dela salatu du. Murrizketa etengabeak, pertsonal falta eta medikurik gabeko osasun zentroak. Lehen arreta eta Buruko Osasuna dira arlo ahulenak, eta onartezinak dira itxaron zerrendak; astebetekoak familia medikuen kasuan eta urtebetekoak hainbat espezialitateetan”.
Datu bat ere eman zuen agerraldi horretan OPAkoek eta gaur bere egin du Duintasunak, “aurten 500 milioi euro sektore pribatura joango dira, eta hiru herritarretik batek mediku aseguru pribatua du”.
Mezu argia, Duintasunarena, “osasuna ez da negozio pribatua, eskubidea baizik”. Hori horrela, osasungintza publikoa eta kalitatezkoa defendatzeko manifestazioak deitu dituzte EAEko hiru hiriburuetan hilaren 18an, larunbatean. Donostiakoa 17:00etan aterako da Bulebarretik.
