Hainbat artista txistuaren bueltan, emanaldi berezia eskaintzeko
Larunbat eguerdian izango da, 12:30ean hasita Beheko kalean; aniztasuna eta askotariko kulturak bildu nahi ditu Udal Txistulari Taldeak txistuaren bueltan.
Beheko kalea.Oreretako Argazkiak Musika, dantza, bertsolaritza eta txistua eskutik, emanaldi berezia antolatu du Udal Txistulari Bandak larunbaterako, hilak 18, Beheko kalean. Eguraldi txarra egingo balu, udaletxeko arkupeetara aldatuko dute zita.
Kontzertuaren bidez aniztasuna eta kultura ezberdinak batu nahi dituztela azaldu du Udal Txistulari Bandak: “Horretarako, estatuko hainbat udalerritan jotzen den hiru zuloko instrumentuaren akonpainamendua hartuko dugu Salamankako Angel Rufino El Mariquelorekin, Maria Boufard Nieto dantzariarekin, eta herriko hainbat artistarekin”. Bertan ariko dira 1320 arte tailerreko ikasleak eta parte hartu nahi duen orok, Xenpelar Bertso Eskola, Mikelazulo kultur elkartea, Udal Txistulari Taldea, Concha Rociera, eta Rafa Albistur argazkilaria.
Emanaldi bereziaren aurretik, Erdialdeko kaleak girotuko dituzte txistulariek 10:00etan hasita, baita Jose Erbiti kaleko baserritarren azoka ere.
