Aurtengo Euskal Herriko hirugarren hilketa matxista salatu dute Lezoko eragileek
Atzoko Iruñeko hilketa, beste aurrekoak bezala, salatu dituzte Lezoko Udalak eta Iruntzen Lezoko Emakume Taldeak, Piztu Lezok, eta Gaxuxa Emakume Elkarteak.
Atzo 37 urteko emakume bat hil zen Iruñean, etxe bateko hirugarren solairutik erorita. Gizon bat atxilotu dute, emakumearengandik urruntzeko agindua urratzeagatik. Aurten gizonek Euskal Herrian hil duten hirugarren emakumea izan da Iruñekoa; laugarren euskal herritarra Zaragozan (Aragoi, Espainia) hil zuten martxoaren 21ean, Irungo emakume bat hil zuen han bikotekideak. Atzoko hilketa, beste aurrekoak bezala, salatu dituzte Lezoko Udalak eta Iruntzen Lezoko Emakume Taldeak, Piztu Lezok, eta Gaxuxa Emakume Elkarteak: “Aho batez adierazi nahi dugu indarkeria matxistaren aurka gaudela eta irmoki gaitzesten dugula gertatutakoa”.
Iaz Euskal Herrian zazpi emakume eta adingabe bat hil ziren matxisten indarkeriaren ondorioz. 2003tik, indarkeria matxistagatik hildako emakumeen kopurua sistematikoki biltzen denetik, 136 emakume eta hamahiru haur erail dituzte gizonek.
