Artisautza lehen lerroan jarriko du 'Azo!ka' iniziatibak
Azo!ka Artisautza Topagunea Hilaren 30etik maiatzaren 3ra arte egingo dute, eta bi ardatz nagusi ditu proiektu berriak: Agustinak Zentroak hartuko duen topaketa profesionala (hilaren 30ean), eta Merkatuzarren izango den artisautza azoka (maiatzaren 1etik 3ra).
Azo!ka artisautza topagunearen aurkezpena. Artisautzaren aldeko apustu estrategikoa berretsi du gaur Errenteriako Udalak Azo!ka Artisautza Topagunearen aurkezpenarekin. Hilaren 30etik maiatzaren 3ra arte egingo dute, eta bi ardatz nagusi ditu proiektu berriak: Agustinak Zentroak hartuko duen topaketa profesionala (hilaren 30ean), eta Merkatuzarren izango den artisautza azoka (maiatzaren 1etik 3ra).
Xehetasun guztiak emateko agerraldia egin dute gaur Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Esti Susperregi Agustinak Zentroko zuzendariak, Amaia Arregi Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako zuzendari nagusiak, Jone Idiazabal Ereintza elkarteko zuzendariak. Lau eragileek egindako apustua dela Azo!ka azaldu du Otaegik, eta helburu bikoitza duela, sektorearen lehiakortasuna indartzea eta herritarren artean artisautzaren balioa zabaltzea. Artisautzaren aldeko apustuaren atzean, haren ondare izaera dela adierazi du. Aurten egingo duten azoka horri 40. ekitaldia jarri diote, “lotuta dago hori, artisautza azokak gure herrian daukan iraganarekin, baina bestetik ere, ulertzen dugu artisautza bera eta artisautza azoka direla berritu beharreko ondare, orainarekin eta etorkizunarekin lotu beharrekoak”.
Ondareari erreferentzia eginda, ezinbesteko keinu egin nahi izan diotela Euskal Herriko Eskulangintza Azoka 39 urtez antolatu duten Ereintza elkarteari, “gure herrian arrasto oso nabaria utzitako azokari ere”.
39 urte horien laburpena egin du Idiazabalek, eta azokaren hastapenetara jo. Azaldu du Errenterian euskal kulturaren alde zerbait egin nahian ari zirela, eta ia ahaztuta zegoen tradizio bat indarberritzea ondo legokeela iruditu zitzaiela. Eskulangintza hautatu zuten. Euskal Herria osoan barrena ibilita artisau bila, 1979an egin zuen azokak lehen ekitaldia, “hamasei ekartzea lortu genuen Foru plazan egin zen lehen azoka horretara”. Bat bestearen atzetik, 39 urtetan, 680 tailer pasa dira Ereintzak antolatutako azokatik, “beraien ezagutzez aparte, ondare balioa, salmenta eta lana ikusiz jendea sentsibilizatzea lortu zen”. Azoka antolatzearekin batera parte hartzen zuten artisauen katalogoa ondu zuen Ereintzak, profesionalen informazio orokorrarekin zentsu bat osatuta.
Aipamena Idiazabalek, 39 urtetan lagun izan dituzten antropologo, etnografo eta arlo ezberdinetako adituei.
Gainera, 2012. urtean artisautza elkarteen koordinazioa sustatu eta Artiola artisautzaren gunea sortu zuten. Azokak eta Ereintzak egindako bidea haren eskutan uztea zuten asmoa, eta horrela, 2017. urtera arte iraun zuen. Azokak antolatzeari utzi eta artxiboa txukun jartzea izan zela azken lana azaldu du Idiazabalek, web orria eginda edonork erabili ahal zezan, “bederatzi urte geroago Errenteriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lekukoa jaso ondoren, portu onera iristea opa besterik ez dugu nahi”.
Lekukoa hartuta artisautza etengabe berritzen ari dela, bizia dela ikusita ikuspegi garaikidea txertatu nahi izan diotela adierazi du Susperregik. Topaketa izan du hizpide Agustinak Zentroko zuzendariak: “sektoreari zuzendutako ekitaldia izango da. Goiz eta arratsaldez izango da, eta hainbat hizlari arituko dira egunerokotasun betea duten ofizioen transmisioa edota artisautzaren etorkizunaz mintzatzeko”. Hizlarien mailari erreparatu dio Susperregik, “artisautza garaikidearen erreferente diren eta Galiziatik helduko diren Idoia Cuesta eta Aitor Martinez izango dira, eta beste alde, artisautza sektorea sakontasunez ezagutzen duten hizlariak izango dira Valentziako (Herrialde Katalanak) unibertsitateko artisautza katedraren koordinatzailea den Manolo Martinez”.
Hilaren 30ean, ostegunarekin egingo den topaketaren helburua sektorean eragitea. Maiatzaren 1etik 3ra Merkatuzarrek egingo duen azokan erakusketa eta salmenta postuak izango dira, baina horietan tailer parte hartzaileak izango direla jarri du nabarmen, “produktuaz gain oso garrantzitsua iruditzen zaigulako ezagutzea artisautzako teknika eta prozesuak, herritarrek bizi eta ikus ditzaten”.
Horietan parte hartzeko izena eman beharko da (klik hemen). Horien osagarri, aitortza eginez Ereintzaren lanari erakusketa antolatu dute Xenpelar Etxean eta Foru plazan, eskulangintza azokaren irudi eta kartelekin.
Agirrek ere hartu du hitza. Azoka ez dela iniziatiba hutsa esan du, artisautza topagunea baizik, “eta izan da eta izango da mugarri bat Errenteriarentzat, baita Gipuzkoarentzat ere, eta noski artisautza sektorearentzat”. Azoka, artisautza ulertzeko modu bat dela, komunitatearekin lotzen duena, tradizioa bizirik mantentzen duena eta aldi berean etorkizunera begira dagoena dela gaineratu du, “aukera eman zigutenean azoka babesteko zalantzarik ez genuen izan arrazoia horiengatik”.
Euren zuzendaritzako eskumen garrantzitsuenetako bat dela artisautza jarri du nabarmen, bestalde, aldundiko ordezkariak, “Gipuzkoako artisauen erregistroaren ardura aldundiak du eta urte asko daramagu sektorearekin oso lotuta. Ez da soilik tradizioaren adierazpena, Gipuzkoako eredu ekonomikoaren zati garrantzitsua da, tokian tokiko jakintza hori batzen duelako, kalitatean eta iraunkortasunean oinarrituta. Balio horiek guztiak ekonomia ulertzeko gure moduarekin bat datoz”.
Ondoren artisautzari diru laguntzetan aldundiak ematen dion babesa aipatu du, hala, 2025ean 500.000 eurotik gora bideratu zitzaiola sektoreari 139 artisaurengana iritsita esan du, “hori ez da baina sektorea bultzatzeko modu bakarra, aitortu nahi dugu artisautza kontseilua, aldunditik bultzatzen da eta tresna garrantzitsua da elkar entzuteko.Artisauak gertu baditugu eta euren beharren berri badugu errazagoa ulertuko dugu nola erantzun”.
Tradizio eta etorkizunaren arteko lotura, sormen industrien artisautzaren ikuspegi modernoa hizpide bukatzeko Arregik eta topagune izaera, “herritar eta artisauen arteko elkargune, belaunaldi ezberdinen artekoa ere izango da, bizitzeko eta partekatzeko espazioa izango da azoka”.
Azken hitzartzea Otaegirena, “sekula ez da izan azoka babestu dugun 39 urtean artisautza erakutsi-ikusi edo saldu-eros daitekeen zerbaitera mugatzea helburua, Ereintzarengandik jaso dugu azoka egiteko beste ikuspegi bat, eta azoka honek ere presente izan nahi duena. artisautza bizitzea, topaleku gisa ikustea eta transmisioa ere egingo duen azoka bat izatea eraldaketaren parte izan gaitezen guztiok”. Hori horrela, gonbidapena egin du alkateak azoka ohiko baten begiradatik harago doan azokarekin bat egin eta bisitatzeko, “azokak artisautzak eta herritarrak ezinbestekoak ditu, baina seguru gaude esperientzia bizigarria izango dela herritarrentzat”.
Egirau osoa ikusteko klik egin hemen.
