Uztaldi gehiago izango ditu
Ilusioz eta eskuzabal egindako 35 urteko abentura bukatuko dute De Cyne Reynako sortzaile eta arima izan diren hiru bazkideek. Erretiroa hartuko dute haiek, baina espazioak bizirik jarraituko du, bere izaerari leial.
Cuellar, Abad, Moares eta Ochoa De Cyne Reynaren barraren bestaldean.Imanol Saiz Gomez de Segura Erretiroa hartuko dute. Duela 35 urte egi bihurtu zuten ametsak, baina, bidea segituko du. Mimoz elikatu dute lehen unetik, eta bertatik pasa diren ehunka eta ehunka bezeroak eskuzabaltasunez artatu dituzte. Profesionaltasunak, konpromisoak eta eskuzabaltasunak zimendu sendoak jarri dizkio De Cyne Reynari 1991n ateak zabaldu zituenetik, eta zalantzarik gabe balio horiek eta ezberdinak konplexurik gabe eta eroso sentitzeko gaitasuna izan dira iraunarazi dutenak, baita biziraupen oparoa ziurtatu diotenak ere.

Lehen kontzertua, Javier Colina eta Iñaki Salvadorrekin.De Cyne Reyna
Ez litzateke bidezkoa taberna bezala izendatzea; taberna izan da, eta izaten jarraituko du, noski. Baina horrekin batera, bere txikian, kafe antzoki modukoa ere izan da De Cyne Reyna: 35 urtean zuzeneko 900 emanalditik gora hartu ditu bere agertokian, eta pandemia heldu arte ospedunak izan ziren udalerrian zein hortik gaindi Reynaren ostegunak.
Agertoki funtzioa egiten duen espazioan hartu dute Hitza gunearen arduradun Fernan Cuellar Perez de Azpillagak, Txomin Abad Mayoralek eta Txema Moares Bengoetxeak; baita De Cyne Reynaren hastapenetan ezinbesteko konplize izan zuten Kike Ochoa Larraurik ere, Golden Apple Quartet taldeko kide ohia hura. Reynaren arima dira abentura orain 35 urte hasi zuten hiru bazkideak, horien arrastoa du udalerrian kultur erreferente izan den espazioak. Oso gogoan du Ochoak zuzeneko musika emanaldiak egingo zituen taberna izatea ideia ona iruditu zitzaiola, «ezberdina zen espazio baten aldeko apustua egin beharra zegoen, zerbait berria ekarriko zuena, ez zegoena». Beldurrez, baina baiezkoa eman zion hirukoak Ochoaren ideia horri. Izena, berriz, itxi berria zen Reina zine aretoaren omenez jarri zioten, eta izenarekin heldu zen estetika ere: atzeko gortina gorria, antzoki butakak, koloretako fokuak… «musika ere ohikotik ateratzen zen, modernoagoa zen».

Peio Arnaez eta Lu Gonzalez Clownclac konpainiakoak, ‘Clownferencia’ emanaldiaren estreinaldian.D.C.R
Hiru bazkideen balioak jarri ditu nabarmen Ochoak: «Pentsamolde hippya zuten hirurek, eskuzabaltasuna, ontasuna, bakea… 35 urte geroago, horrela jarraitzen dute». Hiru hamarkada iraungo zutela amestu ote zuten galdetuta ezetz esan dute Cuellarrek, Abadek eta Moaresek. «Zortzi urte genituen buruan, denbora horretan genuelako kalkulatuta genuen zorra kitatuko genuela. Gurasoek etxeak hipotekatu zituzten, eta horrekin nahikoa ez, eta lagun genuen bikote batek ere berea hipotekatu zuen gu laguntzeko, pentsa…».
Lokala erosi zuten geroago, eta hori ordaintzeko ere denbora behar izan zuten. Hainbeste denbora irauteko sekretua galdetuta ez du zalantzarik Moaresek: «Hirurok hasi genuen proiektua lagun asko-askoren bultzadarekin, eta hirurok hartuko dugu erretiroa sortu genuen espazio honetan. Horren gakoa talde on bat izatea da, barraren atzean lantalde egokia izatea, baita gure artean oso ondo moldatzea ere». Horri beste zerbait gaineratu dio. «Taberna diru pixka bat ematen hasi zenean lan gehiago egin nahi genuen edota denbora librea izan nahi genuen galdetu genion gure buruari: denbora librearen alde egin genuen». Ez du zalantzarik, «diru bila joan izan bagina, ez ginen honaino helduko».
Hirurak bakarrik heldu direnera heltzea «zaila» ikusten du oso Cuellarrek. «Bidean ezinbestekoa izan den ekarpena izan dugu, oso gertuko pertsonen laguntza ikaragarria jaso dugu. Talde altruista genuen gure bueltan edozertarako prest, boloekin, musikarekin, antzerkiarekin…». Horien artean, Luis Mari Moreno Urretabizkaia Pirata aipatu du Ochoak: «Gure herriko agente artistikorik onena. Bera ere maitemindu egin zen hirukote honekin, zintzotasuna kutsakorra delako, eta ikaragarri erraztu zuen emanaldien kontua». Formula horrek betean asmatu zuela sinistuta dago Ochoa: «Musikak denak ados jartzen ditu, eta musika hori mota guztietako jendea batzeko gai izan zen espazio honetan. Ahizpatasuna da musika, musikan babes hartzen dugu». Harago jo du Cuellarrek, «burmuinean bizi osorako artxibatu diren bibrazioak sortu dira hemen».
Aniztasun horrekin lotuta anekdota bat kontatu du Moaresek. «Boleroak abesten zituen Erreka taldea ekarri genuen gurera; taberna bete zuen. Si tu me dices ven abesten ari zen Mari Carmen [Otegi] taldekide zena, eta punki bat zuen aurrean abesten. Harritu egin ziren taldekoak, askotariko jendea izan zuten emanaldian, tartean krestak». Beste emanaldi bat du gogoan Abadek, taldearen izena oroitzen ez badu ere: «Fadoa abesten zuten bi emakume ziren. Beteta zen taberna eta oholtzara igo bezala, abesten hasi, eta taberna guztia isilik gelditu zen haiek entzuteko. Jendeak kristoren errespetuarekin entzuten zituen emanaldiak».

Camelamos Adiquerar-ekoak, Herrien Astearen edizio batean.D.C.R.
Proiektu kulturala atzean
De Cyne Reynan emanaldia eskaini duten talde eta norbanako guzti-guztiei ordaindu dietela, «baita afaria eman ere», jarri du nabarmen Ochoak, «nahiz eta gero ez duten sekula sarrerarik kobratu. Miragarria da hori, eta aitortu egin behar zaie». Lehen emanaldiari erreferentzia egin dio Cuellarrek; taberna zabaldu eta bi hilabetera heldu zen: «Iñaki Salvador eta Javier Colina izan ziren lehenak, jazzaren bi munstro. Antsietate handiarekin bizi izan nuen, luze egin zitzaidalako itxaronaldia». Ostegunak «ilusioz» bizi zituztela aitortu dute; «ikaragarri motibatzen gintuen. Soilik tragoak zerbitzatzea ez da oso motibagarria, baina atzean proiektu kultural oso bat zegoen, zuzeneko emanaldiekin».
Itzela izan da kulturari, eta bereziki, zuzeneko emanaldiei De Cyne Reynak 35 urtean egin dien ekarpena; horrekin batera, herri egin du espazio horrek. «Espazio honetan giro politiko-sozial-ekonomiko ezberdinetako pertsonek egin dute bat, modu naturalean», eta musikak lortzen duela hori dio Ochoak. Moaresek, baina, aitortu egin du beste zerbait ere badagoela: «Taberna zabaldu genuen garai hartan borroken eremua zegoen, eta pijoena, bereizita biak. Hemen denek bat egiten zuten; taberna apurtzailea izan da gurea, jendea engantxatzeko eta muturrekoak ziren giroak nahasteko gai izan ginen. Jendea oso gustura sentitzen zen, eta sentitzen da».

Caroline Philips, Luis Camino eta Mixel Ducau.D.C.R.
Energia handia utzi dutela tabernan aitortu du Abadek, baina ez arranguratik, harrotasunetik baizik. Energia hori inbertsioa izan baita egun dauden portura heltzeko, eta 35 urte geroago, pandemia tarteko, euren proiektuak bizirik jarraitzen duelako. «Bizi izan dugu, lana izan da, baina baita dibertimendua ere». Pandemia aipatuta, ezinbestean lotu dute terrazekin, garrantzi bizia hartu baitzuten. Terrazekin beti zalantzak izan dituztela aitortu du Cuellarrek: «Ostalaritzaren zati batek zalantzak genituen espazio publikoa iniziatiba pribatu batetik okupatzearekin; terrazetara batu ginen herri eskaera bat izan zelako». Ideia horretan sakondu du Abadek, «garai batean ez ziren aintzat hartzen, eta egun, ezinbesteko bihurtu dira».
Ekainaren 1ean, eskualdaketa
Ekainaren 1a izango du hirukoak azken eguna Reynan erretiroa hartu aurretik, hori da haien asmoa, «akordioa sinatzeko prozesuan ari gara, eta egun horretan bukatuko da gure egonaldia De Cyne Reynan, dena ondo bidean». Hortik aurrera bizitza nola irudikatzen duten galdetu die Hitza-k, «energia handia utzi dugu hemen, berreskuratu egin behar dugu», Cuellarrek. Bide beretik egin du Abadek: «Asko kendu eta ikaragarri eman digu. Gure bikotekideak espazio honetatik atera dira». Jendeak egindako ekarpenarekin gelditu da, berriz, Moares: «Jendearen maitasuna jasotzen dugu kalean, denek hitz egiten digute goxo, jendeak ikaragarrizko ekarpena egin dit, eta horrekin gelditzen naiz ni».

Mugika, Josemi Martis eta Fernando Telletxea ‘Fama’.D.C.R.
Ez da De Cyne Reyna ezagutuko ez duenik herrian, ezta garai batekorik Reynako ostegunak ezagutu ez dituenik ere; tabernak lortu duen izena egindako lanari saria dela aitortu dute hirurek, hunkituta. «Jendearen maitasuna jasotzea ikaragarria da. Gauza asko bizi ditu hemen jendeak, bikote ugari sortu dira, giro paregabea eta bizitza handia izan ditu espazio honek. Duela 35 urte, 20 urteko bezero ugari genituen; orain, haien seme-alabak ere bezero ditugu. Denboran gure proiektuak prestigio hori mantentzea handia da, ez da sari hoberik».
Tabernatik zer eramango duten argi dute. «Distantziatik oroitzapen ederra izango dugu; gure bizitza izan da, gure bikotekideak, gure lagunak, hemen bizi izan duguna oso handia izan da», esan du Cuellarrek. Ideia horretan sakondu du Abadek: «Bizitzaren 35 urte, oroitzapen ugari, jende mordoa. Barreak, eta batez ere lan pila. Lagun asko eta oso handiak egin ditugu hemen. Lanbidea izan da, negozioa, baina hartu-eman gertukoa izan dugu, eta bizitza osorako harremanak josi ditugu».
Lekuko aldaketa
Erretiroa hartuko zutela jakinda «ezkongai» bat baino gehiago atera zaio Reynari. Hiru bazkideek, baina, argi jarri dituzte marra gorriak lekuko aldaketarako, «garrantzitsua da hona datorrena izaera mantentzeko asmoz heltzea, lehentasuna izan da hori».

Mañukorta eta Telleria bertsolariak. D.C.R.
Ez da nolanahikoa utziko duten erronka, baina prest datoz lekukoa hartuko dutenak. Ez da pertsona bat, ezta hirukotea ere; taldea dira, zabala. «Herriko jendea gara, Reynako bezeroak, eta herriko ostalaritzarekin konprometituak. Tabernako kideak ibilbide oparoa egin ondoren erretiroa hartzera zihoazela jakin genuenean, proiektuari segida emateko aukera ikusi genuen». Eskerrak eman dizkiete espazioa kudeatu dutenei «Oreretari eman dion guztiarengatik», baita lekukoa pasata abenturarekin jarraitzeko prest agertu den taldeari hirurek erakutsi dioten konfiantzarengatik ere.

Angel Celada bateria ezaguna, Gereñu eta Andrezj Olejniczakekin.D.C.R.
Argi esan dute orain arteko filosofiari «eutsi» nahi diotela, «izenari eta izanari». Hori horrela, eskaintza mantenduko dutela barran, lokalaren itxura ere bai; euskarazko zerbitzua, kultur eta musika eskaintza, eta herriko errealitatearekin inplikatuta jarraituko dutela hitz eman dute, «ilusio eta gogo handiz helduko diogu etapa berri honi, eta espero dugu ahalik eta ondoen erantzutea aurretik dugun erronka honi». Ekainaren 2tik aurrera herritar talde horrek jarraituko du Moaresek, Abadek eta Cuellarrek orain 35 urte hasitako bide oparoa.
De Cyne Reyna egi bihurtu zutenek aipamen berezia egin nahi izan diete modu batera edo bestera euren espazioari ekarpena egin eta egun ez direnei: Erreka taldeko Mari Carmen Otegi; Jabi Arrillaga; Jabi Area; Isaias Muñoz, Asier Etxeberria; Mikela [Mikel Martin Conde], Altxu [Xanti Vicente]… «Ekarpen itzela egin diote gure proiektuari. Reynan izan dira beti, orain argazkietan. Bada jendea beti sumatuko duguna faltan».

Ezkerretik bigarrena, Ñaco Goñi musikaria.D.C.R.
Moarasek beste hiru pertsonari aipamen berezia egin die: Luis Mari Moreno Urretabizkaia Pirata-ri, Igor Zubieta Lorzari, eta Gema Loinaz Serrano Pumu-ri, «ezinbestekoak izan direlako tabernaren ibilbidean; ez gara hirukotea izan, seikotea baizik». Bat datoz hirurak: «Etxera maitasun mordoarekin joango gara. Zer gehiago behar da?».
