
Langabeei begirako 160tik gora kontratazio sustatuko ditu Errenteriako Udalak Lanbideren bidez bideratuko diren bi enplegu planekin. Enplegu plan orokorra da bata; bestea, Gazte Enplegu plana.

Luzaroan langabezian egon diren pertsonei begira Oarsoaldean iaz martxan jarri zituzten enplegu programa eta baliabideen berri eman dute gaur Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurunea eta Lurralde Oreka diputatua, eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea eta Miguel Angel Sanhez Lezoko zinegotziak.

Azken urteetako pertsona kopuru handiena kontratatuko du udalak aurten enplegu planen bidez. Horretarako 500.000 euroko inbertsioa egingo du, eta azken lau urteotan, berriz, ia hiru miloi euro bideratu ditu enplegu planetara eta 156 pertsona kontratatu.