Antzerkia (Oiartzun): 'Eros' (Ixo teatroa)
Pasa den urteko maiatzean estreinatu zuten konpainiaren lehen lana, Eros, eta, sorterrian egingo du geldialdia orain antzezlanak. Maskarazko antzezlan mutua da, eta bi pertsonen arteko maitasun istorio bat du ardatz. Biek sentitzen dute elkar gustuko ez izatearen beldurra; biak kikiltzen dira egia mingarriei aurre egiterako garaian. Hots, biek dute bata bestearen aurrean zaurgarri azaltzeko lotsa. Horra maskaratzearen arrazoia.
Bada, honakoa da lanaren sinopsia: Bi maitemindu maskaratuen istorioa da Eros, hainbat jainko greziarrek ezarritako oztopoak gainditzen saiatuko diren bi maitemindu mozorroturen istorioa, hain zuzen. Eragozpen horien artean aurkitzen dira Eros maitasunaren jainkoaren enbarazua; Ares gerraren jainkoarena edota Kronos denboraren jainkoarena.
Konpainiaren lehen lan honetan maitasuna zaintzeko bidean agertzen diren beldurren eta zailtasunen inguruan mintzo dira, betiere hitzik erabili gabe. Lana Arnatz Puertasek zuzendu du, eta aktoreak Aitor Etxarte, Nagore Cenizo-Arroyo, Leire Ormazabal, Itxaso Gil eta Luix Mitxelena dira.
Igandean –hilak 19– izango da antzezlana Landetxen, 19:00etan. Sarrerak eros daitezke dagoeneko, hemen.
Hona hemen lanaren teaserra.
