Gutuna: "Desazkundeaz"
Aro berri batean ari gara sartzen. Ekaitz perfektua bizitzea tokatu zaigu.
Errepikatzen diren pandemiak gero eta arriskutsuagoak izango dira eta gero eta maiztasun handiagorekin (HIESa, behi eroak, hegazti gripea, ebola, 2003ko koronabirusa, covid19…) gertatuko dira. Funtsean ekosistemen eta biodibertsitatearen degradazioaren ondorio dira, eta horregatik errepika daitezke. (Agroindustria suntsitzailea, deforestazioa, hiri handien kutsadura eta bizimodu gero eta erasotzaileagoa). Horrela, pandemian ezagutu dugun bezala, hurrengoetan ere desazkunde praktikoa emango da nahi eta nahiez.
Energia fosilaren pikoa gauzatu da. Gero eta energia fosil gutxiago eta kalitate txarragokoa eta ekoizpen ekologikoki suntsigarriagoa —frakinga pikutara doa USA-n—. Honen ondorioak zuzenak izango dira agroindustrian (makineria, produktu kimikoen erabilera…), hau da elikaduraren produkzio-garraioak behera joko du. Ondorioz gosete-pandemiarako aukerak gero eta handiagoak dira. Eta batez ere, hiri handiak izango dira gehien sufritu beharko dutenak.
Bestalde, energia berriztagarrien garapena ezinezko da energia fosila erabili gabe —Eguzki-plakak edo errotak jartzeko behar da lurra erabili, eta horretarako erabiltzen den lurra ez da elikadurarako edo basoak zabaltzeko erabilik, energia erabili, materiala mehatzetatik ateratzeko eta transformatzeko eta plakak egiteko, kamioiak garraiorako, energia berriztagarrien distribuzio sarea egokitzeko—, baina energia fosilaren beherakadak zaildu eta garestitu egingo du energia berriztagarrien garapena. Eta gainera, energia berriztagarriekin ezinezkoa da energia fosilaren erabilera maila mantentzea. Energia berriztagarria %100 bai, baina ilusio engainagarria da pentsatzea gaur egungo kotxe kopurua berdin mantenduko dela, are gutxiago handituko dela. Ez dago ez energiarik ez materiarik gaur egungo energia kontsumo maila —jadanik Lurraren mugak gainditu dituena— mantentzeko. Horregatik, desazkundea izango da, nahi eta nahiez.
Azken gogoeta atal honetan. Aisialdiaren antolakuntza pribatua, lehiakorra eta globalizatua, energia eskasiarekin pikutara doa. Orain arteko turismoa kolokan dago: gurutzaldiak, Londonen abeslari izugarri onaren kontzertua entzutera joateko hegazkin bidaiak, oporretan mundu guztia ezagutzera (edo kolonizatzera?) joateko ohitura. Argi dago, ez da eskubide bat pribilegio bat baizik. Edo eskubidea al dugu Lurraren oreka klimatikoa apetagatik okertzeko? Edo Wagnerren Nibelungoen Eraztuna entzuteko Moskura, edo maratoian parte hartzeko New York-era joateko eskubidea al dugu? Eta, azkenik, nondik aterako da milaka milioi ordenadore, eskuko telefono eta abarren funtzionamendurako behar den energia eta materia. Hemen ere, nahi eta nahiez desazkundea dugu ate joka. Eta aisialdia beste modu batez praktikatzeko, aisialdia askatzailea disfrutatzeko, irudimen jauzi bat behar dugu. Hauxe da desazkundeak jartzen digun erronka handienetako bat. Desioen ekoizpena negozioen garapenaren atzaparretatik askatzea.
Larrialdi klimatikoa. Ezagutu dugu Australiako sute ikaragarria. Dana ekaitza eta Gloria eta El Niño. Lehorteak eta uholde ikaragarriak. Tornadoa Entzia Mendikatean. Lurrikarak Valentzia inguruan Florentino Perezen karbonoa itsasoan gordetzeko eta Espainiako Gobernuaren berme ekonomiko guztiez ziurtatutako plan eroaren ondorioz. Ez dira iraganeko fenomenoak. CO2-ren kontzentrazioa, gaur egungoa, eta CO2 isurketa jaisten bada ere, eragina izugarria izango du. Guzti horrek, nahita nahiez, desazkundea eragingo du.
Biodibertsitatearen galera eta ekosistemen suntsipena. Aipatu dugu pandemietan duen eragina. Ez da eragin bakarra. Lurra bera degradatzen ari da eta nekazaritzako ahalmenak gutxitzen ari dira. Uraren arazoa ikaragarria bihurtu daiteke eta bidean doa. Oreka klimatikoaren beste elementu garrantzitsua da, hain zuzen, biodibertsitatearen zaintza eta ekosistemen berreskurapena. Horiek gabe osasuna, ura, elikadura, arnasketa egokia izateko posibilitateak gutxiagotzen dira, baita ekoizpen ekonomikoa bera ere, desazkundearen bidean jartzen da.
Krisi ekonomiko finantzarioa. Hau ez du koronabirusak sortu. Birusak areagotu du, 2008ko krisiaren ondorioak oraindik gainditu gabe zeudelarik, erortzekoa zen krisi ekonomiko are handiagoa. Pandemiak azeleratu du ekonomiak zeraman desastrerako martxa. Desastre diot, krisi ekonomikoak esan nahi duelako mila milioika pertsonen miseria, gosea eta desesperazioa. Desastre diot gerra eta autoritarismo kriminalaren hotsak eta ekintzak ekartzen dituelako. Hitz batez austerizidio erraldoi bati ateak irekitzen dizkiolako. Eta krisi ekonomiko eta finantzarioa ere, hori ere, desazkundea da.
Desazkundea bada, ez da helburu erromantiko bat, Arkadia baten ametsa. Desazkundea da etorri badatorren, sistema kapitalista globalizatuak dakarren egitate bat. Pandemian ezagutu dugu, argi eta garbi, desazkundea. Eta desazkundea injustiziaz josia goitik behera. Konfinamendua ez da berdin 40 metro kuadroko pisu batean edo txaleta, igerilekua eta lorategia duen palazio batean. Ez da berdina izan Felipe VI-aren etxean eta pisu batean pilatuta dauden etorkinen etxean. Ez da berdina kapitala infernu fiskaletan gordeta duenarentzat edo lanik gabe gelditu den etxe-zaintzan dabilen langilearentzat. Ezagutu ditugu zarata gutxiago, kotxe-estresa gutxiago, CO2 eta kutsadura gutxiago. Baina bizi moduaren ohiko oinarri suntsitzaileak ez dira aldatu. Eta hor dugu, adibide bat beste askoren artean, Urkulu jauna, bere garizuma aurpegiarekin, RENOVE plana sustatzen kotxe produkzioaren egoerari arintze bat emateko. Kotxe produkzioa? Petrolio gehiago? Nondik petrolioa behera doanean? Edo kotxe energia berriztagarriarekin? Baino norentzat ailegatuko da? Betiko aberats jendearentzat, guztiok jarritako diru publikoarekin? Eta bide batez, ezkutatzen den galdera garrantzitsu bat: SAPA bezalako arma-produkzioa ere sustatu behar al da, Urkulu jauna? Eta Petronor edo Iberdrola bezalako enpresak sustatu behar dira, edo horien ekoizpena aldatu eta enpresa horiek sozializatze bidean jarri? Eta zer egin beharko da sistema errepresibo osoan —kartzelak, poliziak, armada…— gastatzen den diruarekin, hiltzeko tresnak eta pertsonak prestatzea lehentasuna behar al du izan? Zenbat petrolio gastatzen da hegazkin militarren entrenamendutan, zenbat errepidetako kontroletan, zenbat kartzeletan, zenbat arma salmentan, zenbat kuarteletan, zenbat soldatetan —bide batez, zein da jeneral baten soldata, zein soldadu batena, zein Euskal Herrian zerbitzua eskaintzen duen guardia zibil batena? Sistema militar-polizial honen helburua al da bizitza duina, merezi duen bizitza babestea?
Eta galdera da: Desazkundeari nola erantzun? Eta horretan ere pandemiaren garaiko konfinamenduak eman dizkigu esperientzia baliagarriak. Zenbat eta zenbat ekimen autoantolatuak, boluntarioak, alor guztietan piztu dira egun hauetan. Gure herrian, Errenterian, udalaren deiari erantzun zioten 500 boluntarioak; kalean bizi eta lo egiten zutenei Belabaratzen babeslekua eskaintzea, Gurutze Gorriko boluntarioak, SOS arrazakeriaren loturak, auzokideen arteko laguntzak, Asanblada Feminista eta SOS-en artean antolatutako erresistentzia-kutxa, kultur sortzaileak Herri Bizian bere emanaldi ederrak eskainiz, presoen aldeko elkartasuna altxatzea, konfinamenduaren erdian Aberri Eguna ospatzea, Maiatzaren lehena, Lurraren Eguna, Zaldibar argitu…eta eguneroko txalo zaparrada osasungintzako langileen, garbitzaileen, boluntarioen, eta abarren lan isila goratuz.
Eta hau da, datozen desazkunde garaietarako oinarrizko-oinarrizko baldintza salbatzailea: herri izaera, komunitate sentimendua lantzea, adiskidantza-sareak altxatzea, gure herria, nolabait esatearren Terra da fraternitate —senidetasun lurralde—bihurtzea. Hauxe da, azken finean, egoera katramilatsu honetan, duintasunez eta alaitasunez, adorez eta atseginez, aurrera egiteko daukagun lehen mandamentua: bizitzea merezi duen bizitza eraikitzeko zaindu elkarri, nor bere burua, ahaide eta adiskideak, herritarrak —hangoak eta hemengoak; gizon eta emakumeak—, berdintasuna zutoina…askatasuna ospatuz elkarrekin.
Hurrengo artikulua: Gure esku dago: enpatia eta zaintza uholdea. Eskatu eta Egin.
Joseba Barriola, Errenteria-Orereta