Agus Cano, Lezo Institutuko Zuzendaria: "LOMCEren aurka gaude"
LOMCEren ezarpenari buruz Madrilen egin berri den bilera dela-eta, Lezo Institutuko irakasleok ondokoa adierazi nahi dugu:
LOMCEren aurka gaude. Arrazoiak hainbestetan azaldutakoak dira: bultzatzen duen bereizketa ekonomiko eta generokoa, euskara eta gure kurrikuluma gutxiestea, zentralizazioa eta uniformizazioa sustatzea, ibilbide eta errebaliden bidezko bazterketa, …
Beste hainbatetan gure desadostasuna azaldu badugu ere, gure ustez ezin dugu pasatzen utzi momentu hau, LHn datorren ikasturtean eta DBHn ondorengoan aplikatzeko agindua eman denean, gure jarrera berresteko.
LOMCEa inposaketaren bidez ezarriko da, Hezkuntzako eragileekin eztabaidatu gabe. Gure jendartearen gehiengo zabalaren iritziaren aurka ezarriko da.Aipatzen dituzten arrazoiak edota helburuak gure errealitatetik urrun gelditzen dira, guk gaindituta baititugu. Hortaz, gure Hezkuntza Sistema hobetu beharrean, okertu egingo delakoan gaude.
Esandako guztiarengatik adierazpen publiko hau egin nahi dugu, gainontzeko eragileak, eta bereziki ikastetxeak, haien desadostasuna ager dezaten animatzeko.
Halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu jarrera sendoa edukitzea eta dituen baliabideak erabil ditzala (bide legalak, jendartearen gehiengoaren aldarrikapenak, …) EAEn LOMCEren ezarpena ez burutzeko.