Azalberritzeez eta mamiberritzeaz
Sukaldeko egutegia aldatzearekin batera, ohartu zara mahai gainean duzun Oarso Bidasoko Hitza-k azal berria duela. Ez da 2020koaren bera, eta alde batetik poztu zaitu horrek; atzean utzi nahi baituzu musukoek irribarreek baino oroitzapen gehiago betetzen dituzten urtea.
Txikitan eskulanak egiteko mahaian jartzen zenituen egunkari zati handietatik, orri txikiago eta koloretsuagoetara igaro da. Argazki gehiago dauzkala iruditu zaizu, edo hizkietan, eta hizki tarteetan ere irakurtzen ikasi eta marrazkiak ikusten dituzu orain. Zerbait aldatu da.
Aldaketak beti direla onerako irakurri izan diegu askori, hamaika aldaketa txar bizkarrean pilatzen ditugun bitartean. Baina jarraitu nahi dugu amesten, idealizatzen eta aldaketetan sinesten. Azken batean, denok egiten ditugu aldaketak. Handiak edo txikiak, azalekoak edo sakonak. Azalberritzeek ere, horixe adierazten dute: aldaketa baten beharra. Sarritan, muinekoari heltzearen beldurra azaleratzen digute azalberritzeek.
Abenduko lehen egunak iristerako bete ziren gure kaleak Gabonetako argiekin. Gure herriaren kanpo paisaia aldatu nahi genuen, beste zerbait ikusi —eta ahal zen neurrian, beste zerbaitetan sinetsi—. Argiztatutako bola berde eta irudi zuriek Instagrameko argazkien atzekaldea betetzerakoan edo bakardadean argiak itzaltzerakoan, miseria berek okupatzen dute kalekoen barrua. Etxetik ehunka kilometrora ziegan du ama batek; lanik gabe geratu da, baina hala ere tabernara doa gaztea, bestela ere nahiko prekario zebilen eta; hiruhileko honetako ura ordaintzeko pentsioak emango dion kezkatuta dago agurea, frontoiko haurrari ez diote lagunekin soka partekatzen utzi; etxera sartzeko beldur da etengabe senarrak gutxiesten duen emakumea; larrialdi klimatikoa dela eta zahartzean herria ezagutuko duen zalantza du beste batek; gitarra eskuan eta txapela lurrean du gitarra jotzaieak, kulturgileentzako sortutako diru laguntzen zozketatik xentimorik ere ez duela jasoko jakitun. Baina Gabonetako argiekin apaindu dugu paisaia, eta etxeetako mahaietan kandelak eta plater dotoreak jarriko ditugu, azaleko giroa ere berritzeko; haragia ustez ezkutatzeko.
Azalberritzeek on egiten digute. Baina mamiberritzeek egiten dituzte hobe; eta elkarrekin bada, zer esanik ez
Ireki ditugu agenda berriak ere, zeroak bat forma hartu du —horrenbeste zero izateko ez da oso urte biribila izan, baina— hutsetik hasteko. Lehenengo orrialdeak bete ditugu koloretazko hitzorduekin, erregelaz eginiko karratuekin, eta planaren baitan formaz aldatzen diren enkontruekin. Baina apainduren atzean errealitate bera ez ote dagoen jarri ohi gara pentsatzen. Lan ordu estrak, hamarnaka bilera, bi mediku hitzordu eta pare bat izendun kafe —kafe bat hartzearen aitzakian jarritako bilkura interesatuak hauek ere—. Seguruago, alaiago eta berriago sentitzen gara, ordea, orri zuri berriak kolorez markatzearekin.
Agerian begiak soilik ditugun honetan oraindik kostatzen zaigu begietara begiratzea. Norberaren begietara begiratzea, batez ere. Eta horregatik margotuko ditugu begiak, egunerokoen gainean berritze bat emateko, rimmel kapa berri batek indartsuago egingo gaituelakoan. Kanpo aldaketa txiki batek barruz ere mugituko gaituelakoan. Ispiluari irribarre egingo diogu orduan, kalean begi kliskaren bat egitera ausartuko gara.
Aldaketen hilabetea izaten da urtarrila. Mamia aldatzeaz, ordea, gutxiegi hitz egiten dugulakoan nago. Aurtengoan, baina, postontzian topatu dugunak ere baditu aldaketak, Hitza astekaria izango da 2021ean, azalez eta mamiz. Azalberritzeek on egiten digute. Baina mamiberritzeek egiten gaituzte hobe; eta elkarrekin bada, zer esanik ez. Hogeita bata, hitzak, eta Hitza, mamiberritu ditzagun batera.5