Bizitza bonboi kaxa baten antzekoa da, esan zuen behinola norbaitek. Halakoa izan da ere gaurko frantseseko klasea, urteko azken eguna izanagatik pastak ekarri baititu irakasleak eta badakizue nolakoak izaten diren askotariko galletak ekartzen dituzten kartoizko ontzi hauek, guztion gusturako egoten da, baina baita guztion desatseginerako ere. Niri gutxien gustatzen zaizkidanak kokoa daramatenak izaten dira, baina hoiek ere triparen barruan amaitzen dute, behin erritmoa hartuta, norbaitek guztiak amaitu arte bigarren pisua irekiko ez dugula esaten badu. Ez dut arau txatxu hori inoiz gustuko izan; txokolatezkoak eskura izanda kokozkoak jan behar izate hori, ordena bat mantentzearen izenean.
Hitz egiteko eguna izaten da astelehena, mintzapraktika egitekoa, eta nik kokozko galletak bezain gustukoa dut une hau. Hasiera batean proposatutako gaia desobedientziarena izan da, baina bide guztiek Erromara eramaten dute, eta desobedientzia zibilak krisira. Bidezidorretik gainera.
Gateaux-en kaxa hartu du irakasleak eta albo osoa inguratzen duen zintari tiraka lortu du sorpresen kutxa irekitzea. Pandoraren kaxa bailitzan, krisiaren inguruko sentimendu ezkorrez bete da bat-batean Hizkuntza Eskolako gela txikia. Belarria ikaskideek esaten dutenean dudan bitartean, begiak kartoizko kaxan iltzatuta dauzkat: jende gehiegi aurretik, gustuko ditudan galletak nireganaino iristeko. Seguru kokozkoa tokatuko zaidala!
Desobedientzia zibila beharrezkoa dela dio batek, gure desadostasuna adierazteko eta injustizia sozialei aurre egiteko. Horren harira, Stop Kaleratzeak taldeak etxe bat okupatu berri duela aipatu dut nik, albistegietan entzun dudala, banku batek gizon bat bere etxetik expulsé egin zuela, eta banku horrek berak duen beste etxe huts bat okupatu dutela. Dinamika horri ekiteko asmoa adierazi dutela.
Nola ulertu bestela telebistako ‘adituek’ hartu duten protagonismoa? Beti gai berari bueltaka, batzuk eta besteek esan dutena errepikatuz, inongo konponbiderik eman gabe, eta are okerragoa dena, konponbiderik emateko asmorik gabe
Frantsesez jendearen aurrean hitz egiteak sortzen didan urduritasunaren ondorioz pasten kaxari pista galdu diot momentu batez, eta konturatu naizenerako nire eskuetara iritsi da. Errespetuagatik edo lotsagatik —txatxukeriagatik ziurrenik—, ia txokolaterik ez duen eta denek baztertzen dituzten horietako bat hartu dut azkenik. Gainera, nire gustukoenari ihes egiten utzi diot: limoiz beteta dagoen galleta biribila… ummmmm… Oroitzapen bat etorri zait bat-batean. Txikia nintzela goxoki dendan pasta hauek bost pezetatan saltzen zituztela etorri zait burura eta, 100 pezeta neuzkan egun batean, 20 erosi nituela niretzat bakarrik! A ze zoriontasuna!
Eztabaidak jarraitu du. Ez dugu gauza berri gehiegirik aipatu, baina horrelako gaiek hori dute beren alde, behin eta berriro berdina errepikatu daitekeela nazkatzera iritsi gabe, lehenengo aldiz entzuten duenaren arreta berbera jarriz. Nola ulertu bestela telebistako adituek hartu duten protagonismoa? Beti gai berari bueltaka, batzuek eta besteek esan dutena errepikatuz, inongo konponbiderik eman gabe, eta are okerragoa dena, konponbiderik emateko asmorik gabe.
Berriro irisi da kaxa nigana. Ez da limoizko galletarik geratzen, baina oraingo honetan, lezioa ikasita, pasta handi bat hartu dut, txokolatez josia. Momentu horretan bertan ikaskide batek hartu du hitza. Donostiako laborategi batean egiten du lan, Inbiomed izenekoa, bularreko minbiziaren inguruko ikerketak burutzen. Kutxa, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira laguntza nagusiak ematen dituztenak. Krisi egoera dela-eta diru sarrera hauek murriztu dituztela azaldu digu, eta 49 ikerlaritik 14 edo 18 inguru kalera joango direla ekainean.
Pasta handi hau irensteko zerbaiten beharra sentitu dut bat-batean: ondo kargatua eta izotzarekin.