Errenteria-Orereta
KALE KANTOITIK
Ospakizunetan gabiltza. Izan ere, 1320ko apirilaren 5ean Gaztelako koroak Hiribildu izendatu gintuen, kostaldeko plaza indartsu bat sortzea ongi zetorkiolako bertako zergak eta ekonomia kontrolpean izan eta kudeatzeko. Beraz, 700 urte dira hiri-gutuna eman zigutenetik.
Garaian, ordea, ez zen ongi etorria izan erabakia. Batez ere inguruko herrietan. Lehenago Donostia, Hondarribia eta Urantzu-Irunekin egin zen moduan Oiartzundik banatu beharrean, gainerako hiru auzoetako biztanleak, Elizalde, Altzibar eta Iturriotz, beren bizi-guneak indarrez utzi eta Oreretara etortzera derrigortu zituzten.
Gainera, Oiartzuni erabat debekatu zion udaletxea izatea (kontzejua); lurrak, arauak edota lege eta ekonomia kudeatzea; bere agintariak, edota bere ordezkari propioak izatea Gipuzkoako ermandadean (aldundia). Toponimiaren alorreraino iritsi zen liskarra, Orereta izen historikoa mantendu beharrean, bailara guztiaren Villanueva de Oyarzo izena ezarri baitziguten.
Oiartzuarrak matxinatu egin ziren erabaki horien aurrean. Gogor borrokatu zuten eta istilu latzak izan ziren. Esaterako, 1340an oiartzuarrek zer egingo eta hiri-gutuna lapurtu eta ezkutatu zuten. Nolabaiteko bakeak egiteko 175 urte behar izan zituzten. Lurren 2/3ak eta udal propioa berreskuratu zituzten, ekonomiaren kontrola eta kudeaketa, eta badian egindako transakzioen zergetatik zegokien partea. Bestalde, beren izen historikoa berreskuratzea lortu zuten: Oiartzun.
Izena galduta, 1495ean beste izen bat jarri ziguten: La Renteria. Oiartzuarrek, izenaren bidez, gune bakoitzaren izaera agerian utzi nahi izan zuten: Oiartzungo hiribildu berria errenteria bat zen, oiartzuarren errenteria, hain zuzen ere. Hortaz, batzuk tradizio eta garrantzi handiko bailara batekoak ziren bitartean, besteak azpiegitura arrunt eta soil baten inguruan finkatutako auzune kaskar batekoak besterik ez ziren. Antza, Oiartzunen ekimena izan zen Errenteria izena, Oreretan zeudenen izaera gutxietsi eta mespretxatzeko.
Izenen gaineko sesioan daramatzagu 700 urte. Guri 1900etik jatorrizko izena berreskuratzeko borroka egokitu zaigu (120 urte!). Eta badirudi 700. urteurrenaren karietara aukera aparta zabaldu zaigula oiartzuarrekin izen kontutan konpondu ginen gisan oreretarron-errenteriarron artean ere konpontzeko.
Oreretako Herri Memoria taldeak, bereziki Luis Elberdinek, burutu duen lan mardulean, herriaren izenaren inguruko hipotesi interesgarria mahaigaineratu dute, eta eskari zehatz bat egin diote udalari: Orereta-Errenteria izen bikoitza ofizializatzeko prozesua hasteko. Hala, Euskal Herriko beste hainbat herritan egin den bezala, gure toponimia historikoa errespetatuz eta herriko bi sentsibilitateak errespetatuz, Orereta-Errenteria izen bikoitza behingoz ofizializatzeko ateetan geundeke.
Hainbat ekimen abiatu dira eskaeraren arrimuan, HITZAk eta herribizia.errenteria.eus-ek argitaratutako elkarrizketak, esaterako. Gure herriaz eta historiaz gehiago jakiteko, izen dantzaren nondik-norakoak ezagutzeko.
Eskaria egin dutenek diotenez «denok aterako gara garaile, gure ondare kultural immaterialaren balioa berreskuratuko dugu (UNESCOk eta ONUk agindutakoa jarraituz), eta behingoagatik inoiz ireki behar ez zen zauria itxiko dugu».
Hala bedi! Ederra izango litzateke hiribilduaren sorreraren 700. urteurrenean izenen gatazkari amaiera ematea. Eta biribila, Foru plazan basatiki birrindu zuten armarri ederraren berrezarpenarekin bat egingo balu. Urrezko amaiera litzateke ospakizunarentzat!