Gutuna: Adierazpen askatasuna orain!
Azken aldian Lezoko Udala, Lezoko herri mugimenduaren adierazpen askatasunaren aurka egiten ari den erasoen aurrean, azpian sinatzen dugun eragile ezberdinak idatzi hau plazaratzera behartuta sentitu gara. Aspalditik dabil udala kaleetan azaltzen den mezu sozial eta politiko oro zentsuratzen, baina azken hilabeteotan, zentsura hori, are gogorragoa bilakatzen ari da.
Lehenik eta behin, Lezoko herri mugimenduak gure aldarriak zabaltzeko kaleak erabiltzearen beharra azpimarratu nahi dugu, kartel, pankarta, margoketa, kale espresio, manifestazio, eta bestelakoekin. Lezoko Udalak defendatzen duen klase burgesak hainbat mekanismo ditu errealitatea eurei interesatzen zaien moduan kontatu eta jendearengan eurei komeni zaien iritzia sortzeko (telebista kateak, irratiak, egunkariak…). Guri, ordea, klase desjabetua garenez, eta mekanismo horien jabe ez garenez, zapalduon errealitatea azaleratzeko kaleak erabiltzea besterik ez zaigu geratzen.
Aipatutakoa Lezon garbi ikusten da: kaleetan PNVri komeni ez zaion mezuren bat agertzen denean, udalak kontratatuta duen Zerbitzu izeneko enpresa bat bidaltzen du horiek ezabatzera, ahalik eta azkarren, adierazpen askatasunaren aurkako eraso zuzena burutuz. Gainera, hainbat gezur botatzen dituzte euren komunikatu hipokritetan, herritarrak benetako arazoa ikusi beharrean, aldarriak burutu dituen herri mugimenduaren aurka posizionatzeko asmoz. Alderdi jakin baten interes politiko-ekonomikoak ordaintzen ari gara guztion poltsikoetatik, garbitasunera bideratu beharreko dirua kritika eta aldarrikapenak isilaraztera zuzenduz. Argi esanda, diru publikoaren erabilpen partidista egiten ari dira.
Beraz, eztabaida mezu hauek salatzen dituzten zapalkuntzetan zentratu behar dela uste dugu. Ez litzateke kartel, pankarta eta margoketarik azalduko emakumeak behin eta berriz erailak izango ez balira, langileak euren lanpostuetan hilko ez balira, presoak kalean egongo balira, gure airea kutsatuta egongo ez balitz, etorkinei mugak itxiko ez balitzaizkie…
Gaitzetsi beharra dugu udala egiten ari den ahalegina, langileak aldarriak ezabatzera behartuz, langileak eta herri mugimenduak elkarren aurka jarri nahian, klase bereko kideak izanik. Ulertu beharra dugu hainbat langile kartel eta pankartak kendu eta margoketak ez borratzeko nagusiari aurre egiten saiatu izan direla, horrek haientzat dakarren arriskuarekin. Hori dela eta, langileei elkartasunik beroena helarazi nahi diegu.
Udala da azken aldian sortu diren gatazken erantzule zuzen eta bakarra. Udalak hartu duen jarrerak lehengo denboretara itzultzera garamatza, hain zuzen paretak mutuak eta grisak ziren frankismoaren garaietara, oraingoan demokrazia ustel baten izenean.
Azkenik, dei egiten diogu lezoar orori jasaten dituzten zapalkuntzak azaleratu eta aldarriak zabaltzeko kaleak erabiltzera. Horren harira, urtarrilaren 19an 17:00etan herriko plazan kartelak egiteko antolatu den kedadan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.
Adierazpen askatasunaren aurkako erasorik ez!
Piztu Lezo, Sorginak, Txerrimuño gune autogestionatua, preso eta iheslarien aldeko taldea, Lezoko Badian Bizi!, Oarso Bidasoko LAB.