Gutuna: "Errenteriak 700 urte Oreretak, herri duintasuna landuz"
Egia da gure lurraldean duela 20.000 urte giza-jendea bizi zela. Seguruenik giza-jende hura giza-jende euskalduna zen. Aitzpitarteko kobazuloan diraute beraiek utzitako arrastoak: marrazkiak paretetan, bizitza-tresnak lurpean. Haiek, gu bezala, aitz, zulo, ur, hots, ortzi, artz, elur, elurte, urte eta, batez ere, “gu” hitz euskaldunak edo protoeuskaldunak erabiliko zuten.
Egia da gure lurraldean duela 5.000-2.000 urte Bizarain eta Txorikotietaren arteko ordekan, Atxabalen, beren egoitza eta lan edo erritoen guneetan (menhirrak, dolmenak, txondorrak…) utzitako arrastoak hantxe ditugu. Eta, zihurrago oraindik, beraien hizkuntza euskara aberastua zen: etxe, ardi, zaldi, behi, gogo, heriotz, jaiotza, larru, jo larrua eta jo txistua eta jolastu… eta berriro “gu gara”.
Egia da duela 700 urte lehen aldiz gure herriko lurraldea juridikoki eratu zela Espainiako erregearen aginduz, eta beraren komertzio eta gerra interesen arabera errenta herria deklaratu zuela: Errenteria. Eta gure gertuko aurrekoek, 700 urtetan, bizitza duina eraikitzeko eta defendatzeko ahaleginetan eta duintasun gabeko ekintza krudeletan parte hartu zutela, eta nola edo hala, maitatuz eta mespretxatuz, baina azken finean eutsiz eta edertzen saiatuz, eutsi zioten giza-jende euskalduna izateari, eta, ondare gisa, bai munduaren aniztasunaren lore preziatua den gure euskara, baita ere bizitza aske eta duina izateko borondatea utzi ziguten .
700 urte. Iraganera egiaz begira jartzeko, oraina sakon aztertzeko eta geroa duina begiztatzeko abagunea dugu.
Iraganari begira jarrita ikusten dut nik herri lan-egilea: lurrean (nekazari menpekoak, baserritarrak, itzainak, txondorretan ikazkinak, meatzariak, burdinolatako olagizonak, garraiolariak, etxeko langileak, gaixoen zaintzaileak, hildakoen oroitzaileak, maisu gaizki ordainduak, petrikiloak, serorak eta bertsolariak, ostatuetako zerbitzariak, inudeak…) eta itsasoan (arrantzaleak, emakume zirgariak, karga eta deskargan ibilitakoak, sare konpontzaileak, ontzioletako zurginak, kalafateadoreak, arrain saltzaileak…). Herri langilearen ondoan, eta pega pega eginda, lan horretatik lan egin gabe bizi ziren aberats-kumeak, aitonen seme oinazinoak eta ganboinoak, lehen gaueko —pernada— eskubidearen praktikanteak, Real Compañía Guipuzcoana de Caracas-eko presidentea izandako Errenteriako alkatea eta Probintzi osoko jauntxo, konde Peñafloridarrak eta marquesdenarroseko jendaila, kolonietan lapurtuz eta esklaboak zukutuz aberastuak eta matxinaden errepresore krudelak.
Eta egia da bikoiztasun horretan, gure herriko jende lan-egilea, ibili zela abentura kriminaletan bere buru partikular pribatua aberastu nahian. Badira horren lekuko eztabaida ezinak gure herriko etxeko artxibategian. Horietako bat XVIII mendean 32 herrikide (kortsoan marinel gisa ibilitakoak) karta bat bidali zioten Real Compañía de Caracaseko zuzendaritzari exijituz… zer exijituz? Zor zitzaien dirua! Zer diru klasea zen? Gure herriko jende horiek (Ikutza Kortsarioaren antzera, baina izen ospetsurik gabeak) barku arrotz bat abordatu zuten Karibean. Barkuan zeuden animaliak, kakao, bestelako merkantziak errekisatu, saldu eta salmentaren partea exijitzen zioten Compañiari. Bestelako merkantziak esan dut. Zer merkantzia klase? Esklabo beltzak. Horien salmentan lortutako dirua eskatzen zuten gure herriko marinel kortsarioek. Beste lekuko bat (edo asko eta asko) aurkitu ahal diren, Txaro Roquerok ondo esplikatu zidan bezala, Iruñeko Apezpikutzaren artxibategian. Hamarnaka eta hamarnaka kasu, emakumeen denuntziekin gizon kortsario joandakoen kontra, ezkontzeko hitza eman eta Ameriketara ospa egiteagatik. Edota ezkondu eta gero, Ameriketan berriro ezkondu hemengo andrea miseria gorrian utzirik.
Orainari begiratuz gero azpimarratuko nituzke esperantza ematen didaten joerak, nahiz eta kontrajarrerak ere izan diren gure herrian bertan. Eta pandemian ikusitakoarekin hasiz, poztu nau zein azkar erantzun duen eta zenbat jende erantzun duen boluntario lanetan parte hartzeko deiari. Pozten nau ikusteak gure eskoletan, hizkuntz aniztasunaren barnean, gure herriko ekarpen kultural mundialak (euskararen bizitza) leku berezia bizigarria aurkitu duela urtetako hemengoen eta hangoen erabaki eta hautamen multipleen bidez. Pozten nau ikusteak gure azken hamarkadetako historian herriko langile mugimendu organizatuak izan duen adorea eta autoantolaketa maila. Pozten nau ikusteak duela hamarkada batzuetako langile horiek nola izan diren gai pentsionisten mugimendua duintasunez eratzeko. Pozten nau pandemiaren garaian, eta gure herriko tradizioa segituz, ezagutu dugun kultur sortzaileen agerpen anitza eta eztanda kulturala. Harro sentitzen naiz gure herriko martxoak 8ko manifestazioak izugarri bizigarriak izan direlako eta zaintzaren herriaren eraikuntzara deitzen gaituztelako. Eta harro sentitzen naiz aniztasun kulturalaren defentsaren ondoan etorkinen eta errefuxiatuen bizitza duinetarako baldintzak (erregulazioa, lan duina, etxebizitza eskubidea, eskola eta osasuna, jateko eskubidea…) presente daudelako. 700 urteko presentean, herri honen, gure herriaren duintasunaren agerpen erabatekoa litzateke, agian, seguruenik, dudarik gabe, 700 urteko benetako ospakizun mundiala egiñez, herri honen desio sakon eta duina gauzatzea: herri osoa altxatzea bidea eginez oihu bakar batekin: presoak (guztiak) gure herrikideak dira, eta gurekin nahi ditugu, elkarrekin geroa eraikitzeko.
Azkenik, geroa begiztatzen jarrita, egia da mota askotako ekaitz gogorrak marrazten ari direla etorkizunaren zeruan. Ez naiz hemen horretaz luzatuko. Erabaki asko eta sakonak eta ondo pentsatuak hartu beharko ditugu derrigorrean. Hortik dabilen kanta batetik hartutako hitzetan laburbiltzen da gerorako desio dudan jarreraren muina: Goazen guztiok kalera, bizitza duina lortzera. Zahar eta gazte, etorkizuna argitzera, zaintza-lana goratzera, elkartasuna ereitera, naturarekin orekan. Hemengoak eta hangoak, gizon eta emakumeak, berdintasuna zutoina, askatasuna ospatu elkarrekin.
Joseba Barriola, Errenteria-Orereta