Gutuna: "Etxebizitzarena arazoa al da denentzat?"
Larunbatean, hilaren 5ean, manifestazioa egingo da Donostian (12:00) Etxebizitzaren negozioari ez lelopean. Horren harira, Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren izenean Unai Morionesek gutuna bidali du HITZAra. Jarraian, hitzez hitz, hark esandakoak:
Bai, etxebizitzarena kezka iturria da egungo gizartean. Hala adierazten dute inkesta ezberdinek (jendarteko %41entzat hau delarik gehien kezkatzen dituena azken Deustobarometroaren datuen arabera, gehiengoa den osasungintzaren azpitik, %42), Eusko Legebiltzarrean nahiz Espainiako Kongresuan ere etengabeko eztabaidak ematen ari dira honen inguruan eta kalean ere, prezioen igoera eta etxebizitzarako sarbidearen zailtasuna da hizpide.
Arazoa egon badago, azken 5 urteetan alokairuko etxebizitzen prezioek batez besteko %20 igoera izan dute, baina soldatek, ordea, ez dute honelako igoerarik jaso inondik inora ere. Bizitzaren garestitzea ari gara pairatzen zentzu guztietan. Etxebizitzaren prezioa igo den bezala igo dira elikagaiak, erregaiak eta beste hainbat lehengai ere. Baina beti bezala, badira batzuen beharretatik etekinak atera eta irabaziak handitzeko egoera aprobetxatzen dutenak ere.
Azken hauek, etxebizitzaren arazoa, honekiko sarbidearen zailtasuna ikusita, merkatuko nitxo bat antzeman dute bertan, hau da, etekina ateratzeko aukera. Merkantzia hau inoiz baino garestiago dagoen honetan, errentagarritasuna ateratzeko abaguneari ez diote kale egiten. Honen adierazle izan daiteke EFE agentziaren esanetan, 2024ko etxebizitza erosketen %34 hipoteka kreditu bat gabe aurrera eraman izana Espainiako Estatu mailan. Hau egin dezaketen zenbat pertsona ezagutzen ditugu? Garbi dago askok inbertsio moduan ikusten dituztela aukera hauek.
Baina honelako aukera eta jarrerak normalizatzeak arrisku handiak dakartza. Normalizatu behar al dugu oinarrizko eskubidea den horretatik negozioa egin ahal izatea? Politikari profesionalen aferan, norberaren diru sarreraren %30a artekoa da onargarria etxebizitza baten truke ordaindu daitekeena. Gaur egun, kasurik gehienetan ehuneko hau gainditzen den egoera honetan onargarria al da hau erreproduzitzen jarraitzea norbanakoaren irabazien izenean? Eskubide bat delako, benetan?
Bada honen aurrean instituzioen partetik datozen neurriek, etxebizitzaren arazoa leuntzekoek, laguntza eman diezaiokete ordaintzeko zailtasuna duen horri, baina etxe jabearen irabazia ez da inolaz ere zalantzan jartzen. Hortaz, laguntza publikoak behar gehien dutenei ematen zaizkien kasu guztietan, diru honek etxe jabeen patriketan amaitzen du. Estatuarentzako negozioa biribila, zaurgarrienei laguntza eman eta eurengandik aberasten direnak pozik mantendu.
Baina bide honetatik segituz gero, arazoa langileontzat kroniko bihurtuko da, eta honi aurka egin ezean geroz eta handiagoa egingo den elur bola baten antzerakoa izango da. Bada, langileok geure arazoetan aktibo politiko izateko pausu ezinbesteko gisa, datorren apirilaren 5ean, larunbateko eguerdiko 12:00etan Donostiako Bulebarretik egingo dugu manifestazioa, Etxebizitzaren negozioari ez lelopean, honen irtenbidea ez baita politikari eta enpresarien eskutik etorriko.
Unai Moriones. Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren izenean.