Eusebio Lasa, Marivi Madariaga, Peio Zabaleta Etxabe, Laura Ochoa de Alda, Elena Arnedo eta Ascen Etayo Touring KE-ren Futbol Eskolako Gurasoen Lan Batzordeko kideen gutuna Touring KE Futbol Eskolaren gainean:
2018ko otsailaren 19an Touring KE-ko Futbol Eskolako gurasoek 5 puntuko Txoke Plan bat aurkeztu genion Zuzendaritza Batzordeari Eskolako funtzionamendu txarrari aurre egiteko. 15 eguneko epea bete ondoren orain jaso dugu Zuzendaritza Batzordearen erantzuna.
Zuzendaritza Batzordeak ez du bat egiten guk aurkeztutako txokezko neurriekin. Hemendik denboraldiaren amaiera arte Zuzendaritza Batzordeak ez du bideragarria ikusten entrenatzaile esperientziadunekin entrenatzaileen plantilla gaztea indartzea. Zuzendaritzarentzat aukera posible bakarra gaur egungo entrenatzaile gazteentzat Real Sociedad-ek antolatzen dituen oinarrizko ikastaro horietako bat eskaintzea da.
Gainera, zuzendaritzak proposatzen duen aldaketa bakarra Eskolako koordinaketa funtzioa indartzea da. Hau da, koordinatzaileari laguntzeko pertsona berri bat sartzea aurreikusten du. Nahiz eta neurri horrekin gaur egungo egoera tamalgarria zerbait hobetuko zen, hori ez da nahikoa Eskolako ekipoek gutxieneko funtzionamendua lortzeko eta haurrek ekipo bakoitzean jarraipena eta erreferente argi bat edukitzeko. Horrekin batera, azken urteetako eta hilabeteetako esperientzia txarra kontuan hartzen badugu, nork ziurtatzen digu koordinazio ekipo berri horrek gaur egungo baldintza kaxkarretan denbora asko iraungo duenik?
Bestalde, Futbol Eskolako finantzaketa jarraituko du oso urria izaten. Gurasoak ipintzen dugun diruaren %60 bakarrik joango da Futbol Eskolara. Eskatutako %100etik oso urrun gelditzen da. Gure ustez, gutxieneko borondatea egon ezkero, maniobra margena badago giza baliabideetan diru gehiago inbertitzeko baino epe motzera zuzendaritzak ez du apustu hori egiten.
Horregatik, Futbol Eskolako gurasoen Lan-Batzordetik pentsatzen dugu zuzendaritzak Txoke-Planari eman dion erantzuna guztiz eskasa dela. Erantzun horrekin Touring KE-ko Zuzendaritza Batzordeak erakusten du ez daukala inongo borondaterik Futbol Eskola dagoen zulotik ateratzeko. Kontuan hartu behar dugu gainera denboraldiaren azken txanpan gaudela eta hurrengo denboraldiaren zain gelditzea neurriak hartzeko ez dela batere egokia. Berandu izan daiteke guraso askok pentsatzen ari direlako datorren denboraldirako seme-alabak beste toki batera eramatea. Gainera, azken urteetan eta hilabeteetan zuzendaritzarekin esperientzia oso kaxkarra eduki dugunez gurasoen pazientzia agortzen ari da.
Horregatik guztiagatik, Zuzendaritza Batzordeari, ez bada gai beharrezko neurri eta erabakiak hartzeko Futbol Eskolak bizi duen arazo estruktural larria zuzentzeko, eskatzen diogu bere ardurak uztea eta era berean ilusioa eta kemena erakusten duten pertsonei bidea irekitzea. Futbol eskola osatzen duten haurrek asko eskertuko dute.
Eusebio Lasa, Marivi Madariaga, Peio Zabaleta Etxabe, Laura Ochoa de Alda, Elena Arnedo eta Ascen Etayo. Touring KE-ren Futbol Eskolako Gurasoen Lan Batzordeko kideak