Gutuna: "Trintxerpekoa naiz, eta kezka handia daukat"
Trintxerpekoa naiz, eta kezka handia daukat ez dagoelako plan global bat, Pasaiako eta Gipuzkoako barruti abandonatu honetako (Trintxerpe) bizitza soziala, kulturala, komertziala, industriala, hezkuntza arlokoa eta kirol arlokoa norantz bideratuko den adieraziko diguna, ez gure udaletik, ez Gipuzkoako Foru Aldunditik edo Eusko Jaurlaritzatik.
Administrazio publiko horiek (aipatzea ere merezi ez dutenek) urteetan eta urteetan promesa gehiegi egin dizkigute, eta ez dute bat bera ere bete. Orain, berriz, aurretik promesik egin gabe, Gipuzkoak duen arazo bat konpondu dute, jakina, konpondu beharrekoa zena, adinekoentzako egoitzen arazoa, alegia. Eta egoitza hori Herrera Iparreko lurretan kokatuko da.
Hasiera batean zuzena dirudi. Baina Osasunaren Mundu Erakundea eta arlo horretan lanean diharduten gizarte-langileak adinekoen zaintzarako egiten ari diren lanketa sakonki aztertuz gero, ikusten dugu helburu nagusia dela adinekoak ahalik eta denbora gehien egotea haien etxeetan eta haien ingurune naturalean. Zehazki, lau ardatz proposatzen dituzte:
1. Zaintzaileak zaintzea.
2. Barneko eta kanpoko mugikortasuna.
3. Hiri-ingurune atsegin baten beharra.
4. Egoitza-zentro berriak sortzea.Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak, kasu honetan, beharren ordena aldatu du eta hasieran doana amaieran jarri du.
Adinberri Ekosistemak –izen hori jarri diote adinekoen egoitza-zentroari– 120 pertsona ingururentzako edukiera du. Horien hautaketa Gipuzkoan egingo da, nolabait, eta horietakoren bat Pasaiakoa izan daiteke, edo Trintxerpekoa.
Pasaiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia proposamen hau saldu nahian dabiltza, Pasaiako eta, zehazki, Trintxerpeko bizitza soziala, kulturala, komertziala, industriala, hezkuntza arlokoa eta kirol arlokoa konponduko duen proposamen berritzaile eta traktore gisa.
Esango baligute bezala, Donostiak Europako Kultur Hiriburu izatea lortu zuela adinekoentzako egoitza-zentroei esker, edo egoitza horiek gabe Donostiako Zinemaldia ez litzatekeela dena izango. Are gehiago, Donostia bisitatzen duten turistak adinekoentzako egoitza-zentroek haiengan sortzen duten interesagatik etortzen dira.
Egoitza-zentro horiek beharrezkoak dira, baina ez ditzagun estali Trintxerpeko barrutiaren elkarbizitzarako eta garapenerako benetako beharrak honelako proposamenekin. Izan ere, proposamen horiek osagarriak izan daitezke, baina inola ere ez gatazka nagusien traktore edo konpontzaile. Eta zeintzuk dira gatazka nagusiak? Urbanizazioa; mugikortasuna; gizarte- kultura- eta industria-azpiegiturak; gune berdeak, barrutirako aire garbiko birika modukoak izango direnak; eta erakundeek behar bezalako errespetuz jokatzea herritarren parte-hartzearekin eta proposamenekin, elkarrizketaren eta arrazoiketaren bidez, eta ez herritarrak gutxietsiz eta ezkutukeriaz jardunez.
Albo kalteak
Hizpide dugun Adinberri egoitza-zentroari lotutako aparkalekua sortzeko, zeina, a priori, ez dagoen argi ordainpekoa izango den edo bertakoentzako izango den; sarbide bat eraiki nahi dute (diotenez, behin-behinekoa), eta horretarako, Euskadi etorbideko espaloia okupatuko dute; eta, horren ondorioz, batetik, pertsonen mugikortasuna oztopatuko da eta, bestetik, kale horretan auto-ilarak sortuko dira, inolako beharrik gabe, San Pedro eta Trintxerpe barrutietarako sarrera eta irteera bakarra baita.Horrez gain, Ciriza eraikinaren inguruan trafikoa aurrera eta atzera ibiliko da etengabe, eta ondorioz, gure udalak askotan egindako promesa bat betetzeko aukerak deuseztatuko dira, alegia: Ciriza eraikina kultur azpiegitura bihurtzea.
Udaltzaingoak txosten bat egin du, eta ez aldundiak ez udalak ez dute txosten hori argitara atera nahi. Txosten hori, arrazoi logikoengatik, hirigintzako esku-hartze horren guztiz kontrakoa da, eta esan beharra daukat, era berean, hainbat arkitekto urbanistikori kontsulta egin ondoren, guztiak bat datozela esku-hartze hori hirigintzako anomalia larria dela esatean. Batez ere, jada badagoelako trafikoaren sarrera eta irteerarako bide natural bat, Aduana kaletik.
Erakunde horiek Trintxerpeko barrutiko bizikidetzari beste behin ere eraso egiteko arrazoi hau darabilte: Aduana kalea, hau da, trafikoa desbideratzeko beti erabili izan dena, bai arazo logistikoak sortzen direnean edo bai jaiak edo bestelako ekitaldiak daudenean, portuko lurretan dago eta Portu Agintaritzak ez du bere eremua erabiltzen uzten.
Adinberri Ekosistemaren sorrerak badu alderdi on bat, alegia: erakusten digu bai Aldundiak eta bai udalak nahikoa indargune dutela Portu Agintaritzarekin arrakastaz negoziatzeko, Pasaiako, eta kasu honetan Trintxerpeko, herritarren alde.
Adinberri erakiko den lursaila portuarena da, baina aldundiak negoziatzen jakin izan du eta orain desatxikita dago eta Pasaiako Udalak onartu behar izan du obra-lizentzia.
Beraz, egin nahi duten esku-hartze urbanistiko agresiboa ez da soilik Pasaiako Portu Agintaritzak betidanik herritarrekiko erakutsi duen etengabeko enpatia faltaren ondorioa; aitzitik, gobernatzen gaituzten erakundeek herritarren eskubideak defendatzeko duten interesaren baitan dago.
Hain zuzen ere, gure erakundeak zuzentzen dituztenenen agendetatik kanpo eta haien interesetatik urrun daude herritarrek La Herrerako lurretan dauzkaten beharrak. Eta haiek demokrazia-maila jakin bat eta indarrean dagoen Konstituzioarekiko errespetua izan beharko lukete; arazoak konpontzeko lan egin beharko lukete, eta ez arazo bat bestearen atzetik sortu.
Zergatik ez dute Pasaiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak azalpenik eman nahi behin-behineko aparkalekuaren sarbideak Trintxerpeko barrutiko mugikortasunean eragingo dituen ondorioei buruz? Izan ere, sarbide hori espaloien gainetik igaroko da, eta auto-ilarak eragingo ditu, inolako beharrik gabe.
Zer dela eta pentsatzen dute erakunde horietako buruzagiek Trintxerpeko herritarrak printzipioz inozoak direla?
Zer erantzun emango diete herritarrek hainbeste urtetan, demokraziak ahalbidetzen eta behartzen dituen formalitate guztien bitartez, egindako eskaerei? Izan ere, orain arte buruzagi horiek, “demokrata onak diren heinean”, ez diete eskaera horiei kasu zipitzik egin.
Enrique Santiago Rodriguez. Trintxerpe.