Gutuna: "Zertaz ari gara laikotasuna aldarrikatzen dugunean?"
Zertaz ari gara laikotasuna aldarrikatzen dugunean? Estatua eta erlijioen arteko bereizketa aldarrikatzen duen teoria politikoa da. Laburra eta erreza ulertzen, salbu aipatu diren bi erakundeentzat. Hauek badirudi askotan errepikatu arren ez dutela konprenitzen.
Joera hau (ez ulertzekoa) oso hedatuta dago mundu zabaleko gobernuetan baino mundu zabala, oso zabala denez guk Europako txoko honetaz jardungo dugu.
Hauek dira gure errebindikazioak, labur-labur kontatuta:
Erlijioa eskoletatik at, bereziki eskola publikotik. Irakasleen jarrera etikoa zalantzan jartzen duen “eta nork irakatsiko die etika ikasleei?” galdearren erantzuna da “gu guztiok” ez irakasleak soilik gizarte osoa da bere gazteen balore etikoen erantzule. Metafisika klaseak ematea filosofiako irakasleen lana da; morala eta mistika, ordea, sakristia, medersa, sinagoga eta abarretan irakatsi behar da, ez eskolan. Ez gaude batere ados bitartean erlijio gehiago sartu behar direla diotenekin. Ateratzea da gaia, ez sartzea; hain zaila al da ulertzen?Elizaren mantenua. Eliza bakoitzak bere burua mantendu behar du. Espainiar estatuan zerga aitorpenean bi laukitxo daudela denok dakigu, baina horietako bat eliza katolikoari denon arte bete dugun kutxatik dirua emateko da. Behin baino gehiagotan azaldu dugu Caritasi dirua eman nahi dutenek beste laukitxoa markatu behar dutela. Eta ondasun arkitektonikoa mantendu nahi dutenek ez bata eta ez bestea, horretaz “Patrimonio Nacional” arduratzen baita. Aurreko kasuan bezala badira uste dutenak batzuei ematen bazaie bestei ere eman behar zaiela eta berriro ere ez gaude ados. Denon artean bete dugun kutxatik orduan eta sos gehiago ateratzen badugu azkenean estatuak ez du dirurik izango guztiok behar ditugun zerbitzuetarako (adibide hezkuntza, osasunbideak, errepideak..) eta hauek kaxkarragoak izango dira. Pribatizatuta amaituko dute.
Agintari zibilak urtean behin mezetara joateko duten joera. Gu demokratak gara eta ez diegu inolaz ere alkateei bere buruaren izenean mezatara joan eta nahi adina hezur musukatzeko eskubidea ukatzen, ezta gutxiagorik ere! Ez zaiguna gustatzen da aginte zibila elizaren aurrean belaunikatzea eta gutxiago bere burua zuritzea esanez gu guztion izenean egiten dutela. Edozein santuen hezurren bati muin eman nahi diodanean, neuk egingo dut tartekorik gabe.Ez zaigu gustatzen apezpiku batzarreko ordezkariaren hitz egiteko modua prentsaurrekotan. Aurreko puntuan bezala oso ondo iruditzen zaigu guzti-guztiak bere iritzi apala ematea abortuari, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzari eta nahi duten guztiari buruz, baita ere kalera ateratzea “manifetara” baina ez hitz egitea bataiatu guztien izenean (izendatuak zarete, inork ez zaituzte bozkatu) ezta ere tonu mehatxagarrian: “ezabatu legea, ez zaigulako gustatzen; aldatu beste hori ez gaudelako ados… edo…”. Edo? Zer? Arma kontrabandoa babestuko duzue 36ean bezala?
Bada beste puntu bat azken urteetan Espainiar estatuan, Euskal Herrian eta Frantzian harriduraren harriduraz entzuten ari garena: “ni laikoa naiz baino ez laikotasunaren aldekoa baizik eta laizitatearena”. Hiztegian begiratu dugu, Euskaltzaindiak laizitate hitza ez dauka jasota, DRAEk bai, biak daude eta definizioa oso antzekoa da, beraz horrelakoak esaten dituztenei galdetu izan diegu zertaz ari diren: “Bereizketaren alde nago baina uste dut eliza katolikoak abantailak merezi dituela, azken finean europar kultura kristaua da”. Estatuak eliza mantentzea eta erlijioko klaseen alde dagoen laikoak aho zabalik uzten gaitu baina era berean zalantza sorta ederra sortzen digu: Europar kultura kristaua bada, Euskal Herriko mairu baratzak, zer ez dira kultura ala europarrak? Eta Granadako Alhambra? Stephen Hawkingnen liburuak? Sergei Eisensteinren filmak? Eta horrela zerrenda luze bat. Ai, ene!! Zalantzak eta zalantzak.
Espero dugu laikotasuna zer den eta zer eskatzen dugun garbi utzi izana. “Jesus-el-rico” irudiak epaile batek zigortutako preso bat askatzearen duen eskubideaz beste batean jardungo dugu.
Arantza Lekuona. Laikotasuna kolektiboa.