Haritz Perez: "Gezurra gailendu zen eguna"
Haritz Perez Pasaiako EH Bilduko zinegotzi ohiaren gutun irekia
Hemen, hitzez hitz, Haritz Perez Pasaiako EH Bilduko zinegotzi izandakoak HITZAra bidalitako gutun irekia:
“Denak ez du balio. Politikan gauzak adostea eta gehiengoak osatzea ona izateaz gain beharrezkoa da, baina ez da hori pasa den larunbatean Pasaian gertatu zena.
Azken sei urtetan zinegotzia izan naiz, bi EH Bildu gisa udal gobernuan geundela, eta azken lauak EAJ-PSE gobernuan zeudela.
Nire begiekin ikusi ditut, 2015ean zerrendaburu bozkatuena izan zena, Izaskun Gomez eta PSEko kideak gobernukide zuten EAJ mespretxatzen, euren artean hitz egin gabekoak (zer esanik ez udaleko beste taldeekin) batzorde zein plenoetara eramaten. Bazekiten edozer eramanda ere baiezkoaren txandan EAJk eskua altxatuko zuela.
Beste batzuk egin dutenarekin kontrajarriz, EH Bildurena kanpaina positiboa eta propositiboa izan da, beste batzuen probokazioaren gainetik herri honek behar dituen konponbideak eta adostasunak mahai gainean jarriz. Nahikari Oterminek (EAJ) ere elkarlanaz hitz egin du, baita Pasaiak alkate euskalduna behar zuelaz…
Hori gutxi ez eta hauteskundeen biharamunean, bozken jaitsiera tarteko, EAJk oposizio eraikitzailea egingo zuela adierazi zuen, Izaskun Gomezek herritarren babesa eta “alkatetza galdu zuela” esan zuen bezala.
Pasa den ekainaren 15ean, ordea, gezurra gailendu zen. Pasaitar askorentzat amorrua, dezepzioa eta tristura ere, ziur, baina batez ere, gezurra.
Baten batek pentsa dezake EAE mailako adostasunak eskatzen zuela hau, baina Pasaiako EAJrena izan zen PSE alkatetzan jartzeko erabakia, PSEk publikoki esana baitzuen koalizio gobernurik gabe ez zela inbestidurara aurkeztuko.
Pasaiak ez du alkate euskaldun bat izango, Pasaiak ez du ez talde politiko, ez eragile eta ez herritarrekin adostasunik bilatu nahi duen alkate bat izango. Eta hori Pasaiako EAJren gezur eta erabakien ondorio da. Ez dezagula datorren lau urteetan ahaztu”.
Haritz Perez, Pasaiako EH Bilduko zinegotzi ohia