Sua
A ze asmakizuna Homo ergaster-ena, bazuen intentzioa, bazuen sena, baina ez espero zena. Nik behintzat ez nuen halakorik espero. Atapuercako aztarnategirako joan-etorrian, zeharo aldatu zitzaidan suarekiko ikuspegia. Aurkikuntzak abantailak ekarriko zituela imajinatzen nuen, baina ez zitzaizkidan onura guztiak lehen kolpean bururatu. Egingo dugu lauak zerrendatzeko ariketa?
Suaz hizketan hasterakoan, zein ekarpen etorri zaizkizu burura? Ea, asmatzen errazenak suaren berezko ezaugarriekin lotutakoak dira. Nolakoa da sua? Zer eskaintzen du? Bai, zuzen, hotzaren aurkako erremedio naturala da. Zer gehiago? Ilunpetan gelditzen bagara? Hori da, argitzeko balio du. Gehiegi hurbildu gabe e, bestela erre egin zaitezke. Erretzeaz ari garela… haragi pusketa bat sutan jarri, eta sabelak orro egin baietz! Txangoko momenturen batean esango zuten zein Homo izan zen lehen sukaldaria, baina ez dut gogoratzen haren abizena: sapiens, neanthertalensis, floresiensis…
Ongi oroitzen dut, dena den, laugarren funtzioa, orain arteko suarekiko ikuspegia erabat aldatu zidalako. Honen antzeko esaldi batekin iradoki zuen aztarnategiko gidak: suak bere ezaugarri propioez haratagoko ekarpena egin zuen, leku berean bildu zituen gure arbasoak, eta sozializaziorako eta informazio trukerako gune bat eskaini. Buruak ia eztanda egin zidan. Suari esker kulturaren sorrera, eta horrekin egungo giza espeziearen ezaugarri ugari esplikatzen ari zen! Pentsatzen hasita, elkarrizketa da memoriaren oinarria, elkarren arteko transmisiorik gabe, ezagutza efimeroa baita, lurrunkorra. Sortutako gizabanakoak berak ehortziko luke bere buruarekin. Imajinatzen duzu mundu bat zeinetan belaunaldi bakoitza hutsetik hasten den aurrekoen aurrerapen teknologiko, sozial edo kulturalez baliatzeko aukerarik izan gabe? Ez litzateke egungoaren parekoa izango.
Bisita haren erruz burmuina sutan izan nuen itzulerako bidaia osoan, eta beste ideia batera egin nuen jauzi. Iraganeko sua, sozializatzeko horren baliotsu izandakoa, nola joan da eraldatzen gaur egun arte? Elkarrekin aritzeko guneak horren garrantzitsuak izanda, non daude gaur egun horretarako tokiak? Ezagutzaren sua partekatzen zuten emakumezkoek Zubitxoko labaderoan harrikoa egiterakoan? Iratzea mozteko auzolanetako atsedenak baliatzen zituzten kontu kontari aritzeko iraganeko lezoarrek? Inpresioa daukat baserrietako sukalde erraldoiak ez zirela kasualitatez egindakoak.
Lehen tximinoak suaren epelean imintzioka aritzen ziren hartatik, elkarrekin egoteko tokiak arrunt aldatu dira, eta aldatzen jarraitzen dute. Nik neuk konbertsazio oso aberasgarriak izan ditut mendian lagun askorekin, baina ez dakit denok sortu ditugun hizketan aritzeko norberaren sutondoak. Herrietako plazetan aulkiak falta dira, euritik babesteko estalpeak, erreka bazterretan jolastokiak, asanbladetan militanteak. Etxeetan gero eta gela handiagoak dauzkagu bakarka egoteko, eta geroz eta eremu txikiagoa elkarrekin aritzeko. Onartu beharko dugu: sukaldeak guda galdu du. Hori ote da askoren ergelkeriaren motiboa?