Sokatiran
Erdi-erdian da lastozko txapelaz burua estalitako izaki misteriotsua. Oihu latz batek plazan nagusi zen isiltasuna lehertu du, eta izua zainetan barrena barreiatu zaizu. Ikarak muskuluak geldiarazi dizkizu, eta hantxe zaude, Aizpea tabernako hareharrizko hormarekin bat egin, eta ikusezin bilakatu nahian. Bigarren oihuak, prest soil batek, zerbait hastekotan dela adierazi dizu, eta hirugarrenak, abian lehorrak, aieneka jarri ditu aieka banatan bereizitakoak.
Lehiaren oso zalea da Munttar, eta ez du astirik galtzen haren agindupekoak zirikatzeko. Beldur adina miresmen eragiten dizu haren irudiak plazaren erdian, soka eusten duela, alde batean jarriz Tiñel, Ixku eta Aller. Bestean, berriz, Sumi, Let eta Sats. Nekazal munduaren eta itsasokoaren arteko sokatira irudikatu du era horretan, garai batean Herriondo bailaratik gorako baserrietako morroiak direlako lehenak, itsasontzietako marinel izandakoak azkenak.
Bazterretik begira, ez dakizu bi ziriku taldeetako zein nagusituko den. Bai, ordea, itsasoaren eta lurraren arteko borrokan Lezo zenbat aldatu den. Ibaia itsasoratu beharrean, itsasoa ibairatzen zen gurean, eta horrek ahalbidetu itsasontzientzako babesa. Portuak galdu dira. Hiru izatera ailegatu ginen. Eta, egun, itsasontzi bakarra, hondoa jota, non eta Euskal Herria plazan. Garai batean bertara nabigatuz iritsi zitekeela pentsatzea ere ezinezkoa iruditzen zaigu egun. Zalantzarik gabe, lehorrak gain hartu zion behinola itsasoari, baina nekazaritzaren urte oparoenak ere pasa dira zoritxarrez, nahiz eta batzuek, oraindik orain, intuizio onarekin lezoarrentzako elikagaiak ekoizteko demari lotu.
Halako burutazioetan galduta zaude Satsek irrist egin, eta nekazari ohiek lortu dutenean garaipena. Berriz ere arrantzan hasi beharko du hirukote galtzaileak, halakoetan Munttarrek gupidarik gabe, janik gabe uzten baititu porrota dasta dezaten. Gosete garaietan bezala, beti izango dute ahora zer eraman, itsasotik edo lurretik, eta horiek kale egiterakoan, trapuak. Trapujale ospea zuten lezoarrek bizitako goseteen ondorioz. Hala deitzen zintuzteten, erdeinuz, harik eta mespretxuari aurre egin, eta herri kulturaren ikur bilakatzen asmatu zuten arte 1980ko hamarkadan.
Orduko ahaleginagatik ditugu herri inauterien kutsuko ospakizunak, Rio de Janeirokoen partez. Indarraldi hori pasata, zirikuez bestelako sokatira batean murgilduta antzematen ditut azkenaldian euskal kulturaren baitako biztanleak, baita Lezokoak ere. Zetak-ek aro mitologikoa inauguratu zuen Nafarroa Arenan, eta txundituta itzuli zinen bertatik. Sugar hura herriz herri piztea dagokigu. Herri inauterien indartzean dugu horretarako lehen aukera. Kontu batez ohartu zara. Hurrengo inauterietan ziriku marinelen eta nekazarien artean hautatu beharko duzu.