Mozorroez
Ez dut oroitzen normal hitz egiteko noiz agindu zidaten azkeneko aldiz. Gogoratzen dut adinkidea zela, laguna, eta naturaltasun osoz egin zuela, ohartu gabe zertan ari zen. Ez nion kasurik egin, baina gustura kontatuko nioke, gaztelera traketsera jo gabe, gatazka batzuk ederki gordetzen direla ohikotasunean.
Harritzeko gutxi du normaltasunaren parte izateko nahiak. Berdin eragiten dio zein estilotako musika entzuteari, zein sexutako jendea gustatzeari, edo zein hizkuntzatan hitz egiteari. Normalak izatea desio dugu, eta halako bilaketetan, zuri ere gertatuko zitzaizun inguruko lagunek entzuten dituzten abesti berak entzun nahi izatea. Zuri ere gertatuko zitzaizun arauz kanpoko gustu, orientazio sexual eta abarrak disimulatzea. Zuri ere gertatuko zitzaizun, testuinguru oso erdaldunetan, euskalduntasuna mihitik erauzi eta txano gorri-horia janztea.
Nerabezaroan halako kontuak astunagoak direla jakitun, ez nuke jarri nahiko egungo gazteen larrutan. Haien hitzak holakoxeak lirateke: ikastetxeetan euskalduna naizela esaten didate, euskaldun izateko tresnak eman, eta, ondoren, kanpoan ez dut mundu euskaldunik topatzen. Nekeza da korrontearen aurka izokin baten pare igerian eta igerian aritzea. Zailagoa hausnarketa baten ondorioz hautu bat egin, eta euskaldun izateko determinazioa izatea. Erabaki baten eraginez begiradak, mespretxuak, bazterketa jasan, eta identitate euskaldun hori ez ezkutatzea. Zertarako izan beltza eta sufritu arrazakeria, zuri izan eta pribilegiodunen multzoan egon bazaitezke. Horixe da egungo gazteen dilema, zertarako sentitu euskaldun izatearen traba eta oztopoak, gaztelera ere baldin badakite. Dekretuz, inposatuta, baina badakite.
Halako testuinguru makurrari aurre egiteko oso balidabide gutxi dauzkagu. Euskaraz aritzeko gune zainduak behar ditugu, eta horretan ari dira Txirbilla, Kuadrillategi, horretan ari da Piztu Lezo, Herri Eskola, Institutua, Lizeoa. Guztiak ari dira gune zaindu horiek sortzen euskara arau izango dutenak. Baina ez da nahikoa, gazteleraren aldeko inertzia handiegia da. Azkenaldian soziolinguistika lantzeko premia antzeman da, eta horretan jarri esperantza. Hartara tresnak emango dizkiegulakoan ulertzeko hizkuntzen dinamikak zein diren, eta hautu kontziente bat egin dezaten gazte euskaldunek. Pasaian, esaterako, EMUN aholkularitzarekin egingo dira esku hartzeak DBHn. Lezon, berriz, HH eta LHko lehen mailetan UEMAren bitartez.
Ez dut oroitzen noiz sentitu nuen lehendabiziko aldiz nik ere normal hitz egiten nuela. Hala hitz egiteko agindu zidatenean, horretan ari nintzela uste nuen, baina batzuentzat ez zen horrela. Halako batean aitortu beharko dugu hizkuntza aukeratzeko askatasunik ez daukagula, lehen egunean kafea noiz hartu erabakitzeko askatasunik ez daukan langile hasiberriaren gisan. Horregatik, erabaki kontziente baten premia dagoenez, superbibentzia kontuengatik inguruarekin mimetizatutako nerabe bati euskaraz gehiago egiten lagundu nahi badiogu, hitzez eskatzea baino zertxobait gehiago egin beharko dugu. Baldintzak sortu, mozorrotzeko premiarik sentitu ez dezan.