Etxe zaharren izenen peskizan
Oreretako kale zaharretako antzinako etxeen artean sortuko zitzaidan jakin-mina. Inbidia dut —inbidia sanoa, inbidia sanorik bada, behintzat—, inguruko herriek etxeen izenak mantendu eta berreskuratu dituztelako.
Ahaztu dudan norbaitek esan zidan ez zela kasualitatea Oreretako etxeen izenak galdu izana, gure hizkuntza eta kultura kanpotik etorritako jende uholdearen azpian irentsita gelditzea, ataka historiko hartan neurririk hartu ez izana, gertatzen uztea, alegia. Ez dakit hori horrela izan zen ala ez, baina ez da kasualitatea haien izenak erreskatatzeko hainbat mende behar izatea. Hizkuntza ordezkatzearekin, kultura eta bizimodu bat bazterrean utzi nahi izatearekin du zerikusia.
Eta hara non, nire urtetako jakin-mina asetuta geratu den, neurri handian. Izan ere, gure etxera etorri berri den 1320 Orereta-1495 La Renteria eta orain biak: «Orereta/Errenteria» izen bikoitza onartzeko Udalbatzari aurkeztutako eskaera zokomiratzen hainbat etxe zaharretako izenak topatu ditudan. Luis Elberdinek egindako lan mardula da, arnas luzekoa. Han, herriaren izenaren gaineko tesia dokumentatzeko erabili dituen hamaika euskarri erakusten ditu.
Dagoeneko zabaltzen ari da —bazen garaia!—, Orereta itsas portua izan zela. Ezagutzen ditugu jada itsasgizon haietako batzuk, ontziolak, aingura-fabrika eta gure herriak itsasoarekin izan zuen lotura estua erakusten diguten elementuak. Non ote zegoen lonja, ordea? Euskal Herriko itsas herriek duten bezala, gureak ere izango zuen, bada.
Lonjaren bilaketaren hariari tiraka aritu da urtetan Elberdin. Dokumentu eta artxibategi zaharretan murgilduta. Han aurkitu ditu lonja eta haren inguruko zenbait etxeren izenak. Inor gal ez dadin, kokapen bat emango dizuet zehatz-mehatz ohar zaitezten zein etxez ari garen. Goazen, bada.
Foruen plazatik Madalen kaletik gora udaletxera goazela, bi etxeren artean pasako gara. Pasabide hori, herria harresitua zegoen garaian, Errebaleko atea zen, Foruen plazan zegoen portura, Madalenako errebalera eta ermitara, eta Donostia aldera irteteko bidea.
Hor kokaturik, ezkerrean dugun etxea, Txabielenea zen, eta hor egon zen lonja 200 urtez baino gehiagoz. Lonja izateaz gain, udaletxea erabilgarri ez zegoenerako ordezko biltokia, ostatua, taberna, denda eta lonjazainaren eta bere familiaren etxea, eta ukuilua izan zen. Guk Leturiako etxe gisa ezagutu genuen, etxepean izen bereko drogeria handi bat zegoen.
Eskuinera dugun etxeak, berriz, Galardienea zuen izena. Leku-Zaharra taberna dagoen etxea da hori, Doval esaten geniona; izan ere, urte haietan Doval izeneko supermerkatua zegoen. Guk ezagutu genuen lehen supermerkatua.
Lonjaren ondoan Amasa etxea zegoen eta haren segidan, berriz, Santxoenea kalean aurrera eginez, Sutegi etxea. Madalen kalearen beste aldean, Mikelazulo eusten, Lorenzoenea etxea. Nola diren gauzak, udalaren lonja-etxe publikoa jaso zuen eraikina, Txabielenea, Estatu
Espainolak konfiskatu zion udalari, herriari.
Sentitu dut aspaldi nuen korapilo bat askatzen hasi dela. Orain badakit antzinako etxe zenbaiten izena. Ezusteko atsegina topatu dut liburuaren orrien artean, dudarik gabe. Hala ere, ez da horretan geldituko aurkikuntza. Liburuan irakurri dudanez, Iago Irixoa historialariak gure herriko beste 50 etxeren izenak topatu ditu. Ederra!
Aurkikuntza berri horiek guztiak, herriaren izenaren gainean ebatzi dezan, udalbatzari aurkeztutako eskaera batean egin ditut. Lan sakon eta serioa iritzi diot, ongi dokumentatua. Pareko erantzuna jaso beharko luke udalbatzaren aldetik: ongi argudiatua eta dokumentuetan oinarritua.
Harro egon liteke herri bat bere memoria berreskuratzeko Elberdin eta bere inguruan lanean dabilen herritar taldearen gisako herritar taldeak izateaz. Enbidiagarria izateko modukoa da.
Nire txikian, atrebentzia handiz, udalari eskari bat egitera ausartuko nintzateke: berreskuratutako izena ongi ikusiko den plaka batean jartzea dagokion etxearen fatxadaren gainean.