Herri-paisaiak memorian
Mugimenduan, etengabeko mugimenduan ari da Orereta. Eta bakoitzak bizitzea tokatu zaion garaiko paisaia ezagutu eta gorde du gogoan. Hala, umeei gertatzen zaien antzera gertatzen zaigu guri ere: ezagutzen duguna beti guk ezagutu dugun modukoa izan dela pentsatzen dugula, alegia.
Proba egin ote duzu inoiz ume bati leku batean orain dagoenaren aurretik han zer zegoen kontatzen? Izan ote duzu aukerarik haien harridura begien distira ikusteko?
Beraien gisan imajinatu dut nire burua Topoko geltokiaren alboan egin berri duten Ondarra elkarteko horma-irudi koloretsuaren aurrean, Antontxu Sainz plaza pareko paretan. Erraz kokatu naiz irudian dauden bi haur horietako baten azalean. Eta haien moduan, ni ere plazari so geratu naiz. Ez da ikusten dudanak nire baitan bildu nauena, baizik eta jada ikusi ezin dudanaren historiak.
Oroitzen dut plaza aurretik auto aparkaleku desordenatu bat izan zela hura, Madalen Jaietan hustutzen zutena zezen plaza jartzeko. Lehenago, ume ginelarik, lantegi eta etxe dotore zahar baten hormen ondoko zelaia zen, noiz lohituko zain-zain izaten ginena, ezkutuan aitaren bihurkari zorrotza hartu eta inkean aritzeko. Jolasaren zati saihestezina zen ondoren bihurkaria tentuz garbitzea, aita konturatu ez zedin eta susmorik har ez zezan.
Ordurako jakin bagenekien ere, ez genion garrantzirik ematen gure aurretik etxekoak han ibilitakoak zirela, bazter haiek gure historiaren parte zirela. Cafeteras Omega zen, 1928an gure birraitonak sortua eta 1984an eraitsia. Etxe eta lur horietan oreretartu zen gure familia. Hamaika aldiz entzun ditugu etxean hango istorioak eta beste hamaika aldiz eskatu zigun amonak aurri haietan ez ibiltzeko jolasean. Esanekoak izaki gu, ez ginen sekula etxe hartako ate handiaren barrena joan. Auzoko beste adinkideei inbidiaz entzuten diet kontatzen nola haiek bai, haiek ausartu zirela etxe hartako sekretuak deskubritzen.
Hortxe dago nire oroimenaren muga, ez du gaitasunik atzerago egiteko. Izan ere, zein laburra den gure memoria. Historiaren hariari tiraka berreskuratu ahal izan dut guk ezagutu aurretik zer izan zen han.
Aurretik, aterki fabrika bat izan zen, Brisac y Cia etxea. Joan den mendeko 20ko hamarkada hasieran lurrak erosi, eta bertan zegoen lihozko ehun fabrika zaharra eraitsitako lekuan eraikia.
Lehenago, hutsik zeuden pabiloi haiek izan ziren Niessenen lehen kokalekua, Zubitxoko padura lehortuetan lantegia eraiki bitartean. Aurretik, Vasco-Belga tapiztegia egon zen han.
Txanda Fabril Ibero-Belgak eman zion, 1892tik 1913ra arte bertan kokatua egon zenak. Lantegiak 1903an 22 langile zituen: 11 gizon eta 11 emakume.
Sorondo Primos, Tejidos de Lino izan zen Madalenako errebal eremu horretan eraiki zen lehen lantegia 1857an, eta 1868 arte jardun zuen. Bertan, 77 langile aritu ziren. Gure herrian kokatu ziren lau harigintzako lantegietan txikiena izan zen, eta ixten lehena. Eskuz mugitutako ehungailu mekanikoak bazituen ere, 1867ko grabatu batean ikus daitekeen tximini luzea da eduki zuen lurrunezko makinaren lekuko.
Landerrek Ondarrako bazkideen eskariari erantzunez marraztutako horma-irudiak paisaia horren memoria ekarri nahi izan du maisuki margotu duen artelanaz. Eskertzekoa da, benetan, gure herriaren historiarekiko izan duten begirunea. Hemendik aurrera, horma horrek kontatuko digu plazaren iragana.
Pozgarria da herri paisaiaren lekukotza jasotzea; are gehiago, zure historiaren lekukotzaren haria bada. Beste behin zor dugu esatea: izan zirenez bagara gu ere, eta garenez izango dira aurrerantzean!