Urmendi aurrera, 0-3 bizirik!
– Izugarriya pasa da Oiartzunen! Hezkuntza Sailak dirua kendu omen yo Urmendiri ta uain seitzeko komeyak.
– Enazula san! Hainbeste urtin burun, ze pasatu da ba? Jendia arront kontent zon-ta, gustua ematen zun umiak han jostatzen o kalian barrena ikustia. Gurasuk e konforme umiak han utzita, nola etzin ba gustoa eongo. Nola da posible?
– Aittua dut jendia eztola bate konforme ta ayuntamientuk e eskatu dula uztia haurreskolai be lanian seitzen. Gobiernuak betzako nahi omen du Oyartzunek indakua be modura itteko ta komei. Miramentu gutxi!
– Lengun plazan ikusi nittun, kuadrilla haundi bat, denetik zon: zarrak, gaztik, langillik, gurasuk be ume ta guzti, ta bestelako jendia re bai. Jende erruz zon, haik izango zin.
-Haik zin, Urmendi, Beti Herri, 0-3 Bizirik! izeneko taldia in dute. Nahiko saltsa bada bazterretan.
– Eozinek enteintzen du… lanian ongi ai zinak pakian utzi berrin, zapla! Hau mundu alrrebesa! Aittu berko dute ba berriz e: Oiartzun pareta zarrak erantzun!
Kezka dabil, bolo-bolo, Oiartzungo plazan, eta, baita ere, hezkuntzak herri eraikuntzan duen funtsezko zereginean sinestuta gaudenon artean.
Urmendi Udal Ikastola Partzuergoa 1999an sortu zuten Oiartzungo Udalaren eta Haurtzaro Ikastolaren artean. Bat egin zuten Oiartzunen zerbitzua ematen zuten Iturburu Udal Haur Eskolak, Haurtzaro ikastolak, eta Koikile eta Tipi-Tapa haur-eskola pribatuek. Bat-egite horrek, ordea, bazuen aurrekaria. Izan ere, Oiartzungo Udalak 1994ko maiatzean egin zuen Udal Osoko Batzarraldian, Udal Eskola Publikoari buruz honokoa onartu zuen: «Elizalde ikastetxeak eta Haurtzaro Ikastolak, azken urtetan Udal Eskola Batzordean bertan behin eta berriz azaldu dute, Udal Eskola Publikoa eratzeko nahia. Proposamena 1994ko maiatzaren 3an ospatutako Hazienda, Kontuen Berezia eta Beste Gaien Batzordean aztertua izan zen oniritzia jaso zuelarik».
Segidan: «Euskal Eskola Publikoaren Legeak, bere bederatzigarren erabaki gehigarrian dio: ‘Udal-erakundeen jabetzapeko herri-ikastetxeen sortzea, erakundeon eta hezkuntza administrazioaren arteko hitzarmen bidez egingo da, sortze hori Euskal Herriko irakaskuntzaren programazio orokorrarekin ados egon dadin’».
Eta bukatzeko: «Hori dela eta, Udal Gorporazioak jarraiango erabakia hartzen du ahobatez: Oiartzunen Udal Eskola Publikoa sortzeko, Eusko Jaurlaritzarekin adostasun batera iritsi beharko denez bertako Hezkuntza Sailarekin udalak bere garaian hitzarmen bat izenpe dezan, horretarako aurretik egin behar diren gestioak burutzeko alkateari eskatzea».
Bi urte iraun zituen Oiartzunen 0-18 urte arteko haur eta gazte oiartzuarrei heziketa ibilbide osoa, Lanbide Heziketa barne, udal publikotasuna izango zuen eskola bakarrean eskaintzeko ametsak. Hainbat lanketa abiatu ziren herrian Siadeco Ikerketa Elkarteak egindako azterketa oinarri hartuta. Eztabaida ugari eta zail askoren ondoren etorri zen amaiera: alkatea ez zen sekula iritsi Hezkuntza Sailari udalbatzak oiartzuarren izenean eman zion mandatua betetzera. Izan ere, Elizaldeko gurasoek ezezko botoa eman zioten «doako eta kalitatezko hezkuntzaren eskubidea batik bat arriskuan jartzen duen Udal Eskolaren proiektuari».
Porrot hartako errautsetatik sortu zen Urmendi, azken 40 urteetan Euskal Herrian garatu den proiektu pedagogiko interesgarrienetako bat, udalaren babespean aitzindaria izan dena erakunde publiko eta eragileen arteko elkarlanean, Italian, Finlandian eta Europako hainbeste herrialdetan hain ohikoa dena, bestalde.
Hezkuntza Sailak hankaz gora jar dezake Oiartzungo 0-3 urteko etapa, oiartzuar txikienak hainbeste mimoz eta profesionaltasunez bere hazieran eta heziketan zaintzen dituen Urmendi Haur Eskola. Galduko dugu kulturartekotasuna zainduz euskaraz, oiartzuarrez, herriko ohiturak integratu dituen jardun pedagogikoa; talde egonkorra osatzen duten langileak; tokikoa izanik, uneko beharrak identifikatzeko erraztasun eta ahalmena dakartzan tokiko kudeaketa; udalak bermatutako kontratazio zuzena; tokiko lehengaiekin egindako bertako sukaldea; eta publikotasun herrikoi eredu berri bat eraikitzeko lehen hazia.
Txarrenari onena atera behar: herri bat bere hezkuntza ereduaren alde borrokan: Urmendi bizirik!
