Leundako Jokinen iloba
Whatsappetik egin dut eskaria arrandegian eta jasotzera joan naizenean, Arrate Jokin zeukaten apuntatuta nire poltsan. Leundako Jokinen iloba, huraxe naiz ni Amaiarentzat. Grazia egiten dit identifikazio bide horrek eta adierazi egin diot Itsasargi arrandegiko saltzaileari. Erantzun dit halaxe ibiltzen dela bezero guztiekin; bat Marijo da, bestea Marijose eta hirugarrena Marijoxe, x-rekin. Bezero bakoitza bereizten du, denok dugu gure «abizena».
Kale berean, albo-alboan zehazki, dago Leunda, lehen taberna eta jatetxea zen denda. Usainak zeharo aldatzen dira pausu gutxitan; orain tipula, tomate, piper eta porruz ondutako saltsaren usaina nabari da Pasai Antxoko Oarso kalean. Sekulako ilara dago kanpoan, denak ala denak etxera eramateko jaki prestatuen zain.
Konfinamendu garaian aldatu zuen izaera Leundak, ezbeharren aurrean berrasmatzen iaioa baita osaba. Badakit, gainera, egiten duen horretan sinesten duelako suertatu zela aldaketa, kezka batetik abiatuta. Leunda ordura arte taberna zen, sozializazio gune eta baita ere etxe. Lo egiteko toki batek ez baitu espazio hori norberaren gotorleku bihurtzen, lasaitasun eta segurtasun sentsazio batek baizik.
Ez diet inoiz zuzenean galdetu, baina ziur naiz osabarenera egunero bazkaltzera joaten zen jubilatu kuadrillak horixe sentitzen zuela Leunda etxean. Ez ziren bakarrik sentitzen, are gehiago, maitasuna jasotzen zuten langile guztien partetik.
Eta dute gaur egun ere, haiengatik kezkatuta, eta kontziente izanda egoera berean beste hainbat eta hainbat zeudela, jaio baitzen Leunda berria izango zenaren ideia: etxean egindako jakiak etxez etxe banatzea.
Berehala hasi ziren eskaerak biderkatzen eta txirrinek jo eta jo jarraitzen dute; atea zabaltzen duzunean, herriko Jokin topatzeaz gain, zer moduz zauden galdetuko dizun banatzailea topatuko duzu. Zirikatu ere egingo zaitu, garesti dauden irriak eginaraziz eta ingurukoen artean kutsatuz. Familian, denbora faltan gabiltzan askori bizia eman digun Xakotia ere banatzen du, soberan geratutako jakien lotea alegia. Jarrai nezake pertsonen eta komunitatearen zaintza oinarri duten detaile txikiak zerrendatzen, baina ez nituzke lerrook propagandarako baliatu nahi, ez bada inguratzen gaituenak gugan duen eragina balioan jartzeko.
Ingurukoa komunitate izatera hel dadin, ordea, nonbaiteko kide sentitzea oinarrizkoa iruditzen zait, orduan jaioko baita taldearekiko ardura. Familiarekin halaxe gertatzen zaigu, ezta? Esate baterako, zuk zer egiten duzu armairu bat aldatu nahi duzunean? Pasa al zaizu burutik zaharra aprobetxatuko duen norbait egon daitekeenik familiatik kanpo? Eta zenbatetan atera duzu mugikorra kalean ikusitako egoera zail batetik at sentitzeko?
Ingurua arretaz begiratuko bagenu, ikusiko genuke denok etxebizitza duin bat edukitzeko dugun eskubideagatik borrokan ari den bizilaguna, diru zorroa ahaztu eta itzuliko zarela badakien okina edota saltzeko onduegi dagoen ahuakatea oparituko digun fruta saltzailea. Horrek guztiak autobusean sartu eta gidariari egingo diozun irribarrea eragingo du, zeinak atsegin handiz adieraziko dizun dagokizun geltokia bidea ezezaguna zaizunean. Ibilgailu berean doan bidaiariak eserlekua eskainiko dio berak baino behar handiagoa duenari eta azken horrek lasai hartuko du arnasa medikuaren kontsultan. Ez da besterik, eta dena da, emotikono bat bezala Whatsapp elkarrizketa batean.
IRAKURKETA ERRAZEAN
Leunda lehen taberna zen eta orain denda. Etxera eramateko janaria prestatzen dute denda horretan.
Adineko jendearentzat oso egokia da, baita ere janaria prestatzeko denborarik ez duen jendearentzat.
Jokin da bertako jabea eta umoretsua izateaz gain, asko kezkatzen da lagunengatik. Jokin bezalako pertsonek komunitatea zaintzen dute.
Komunitate batean inguruko jendea gertu sentitzen duzu eta denei aukera berdinak eskaintzen dizkiezu.
Zuk jendea zaintzen duzu eta jendeak zu zaintzen zaitu.