Gutuna: 'Arazoa polizia bera denean'
Iker Urritegi Getariak gutuna bidali du HITZAra, ‘Arazoa polizia bera denean’ izenburukoa. Jarraian, hitzez hitz, hark esandakoak:
“Herriko poliziaren ongizate emozionalak eta hauen lanaren inguruan herritarrok dugun iritziak kezkatuta omen dago Oiartzungo Udala eta hau lantzeko prozesu herritarra abiatuko duela adierazi du.
Miseriak eta gerrak gurutzatutako garaiotan, bake soziala mantendu eta haien posizioei eusteko ahaleginean bat egin dute enpresari handi eta alderdi instituzional guztiek. Horren adibide dira estatuek sakondutako erreforma autoritarioa edo kontrol sozialaren areagotzea. Zigor Kodearen gogortzeak, aurrekontu militarren gorakadak, Guardia Zibilari eta Polizia Nazionalari bideratutako aurrekontuen gorakadak, pandemia garaiko salbuespen-egoerak… markatu ditu azken urteak.
Bitartean, bestelako polizia eredu bat posible dela diote batzuek. «Gertuko» polizia euskaldunaren errelatoa saldu nahi dute, «polizia demokratikoaren» kimera, herritarrengandik hurbil dena. Argi izan behar dugu poliziaren existentzia bera justifikatzen duen arrazoi bakarra ordena sozial kapitalista mantentzea dela, honen aurka altxatzen dena zapaltzea, langileria egunerokoan jazartu eta biolentziaren monopolioa duenez, estatu kapitalistaren defentsa armatua aurrera eramatea.
Polizia ereduaz hitz egiten da, funtzioa ezkutuan mantentzen den bitartean. Izan ere, hauteskundeek markatutako hilabeteotan instituzioek kudeaketan jarri nahi dute fokua, bi kudeaketa eredu kontrajarriz, eta ordena burgesa zein eratan mantendu eztabaidatuta. Horrela, ordena bera zalantzan jarri gabe.
Bake soziala mantentzeko saiakeran, herriaren zerbitzura egongo den poliziaren antzezpena jarri dute oraingoan taula gainean (ikastetxe aurreetan trafikoa bideratzen duena, herriko eraikin publikoetako ateak itxi eta irekitzen dituena, galdutako objektuak aurkitzen dituena… eta irribarretsu eta euskaraz gainera!). Horrela polizia zuritu eta normalizatzeko ahaleginean, kontrol soziala bera leuntzen da, mozorrotu, antzezpena gatazkarik gabeko herri baketsu batean kokatuz eta estatuari beharrezkoa zaion kasuetan gogortasun osoz kolpatuko gaituela ahaztuz.
Beraz, has gaitezen askatasun zibil eta politikoak defendatu eta kontrol-soziala borrokatzen. Gazte langileok asko dugu jokoan. Arazoa ez baita polizia eredu bat ala beste, arazoa polizia bera baita”.
Iker Urritegi Getaria. Oiartzun.