Gorputzak
Gorputza du gaitzat alabari irakurtzeko bibliotekatik hartutako liburuak. Gorputzaz ari dira Oiartzunen Hitzen Lihoko lagunak: gorputzaz hausnartzen filosofiatik, gozatzen artearen bidez, gorputzak mugitzen dantzarekin, eta gorputz biluziak betikotzen argazki-kameraz. Gainera, errepikan gorputz hitza abesten zuen kantu bat entzun dut, behin baino gehiagotan, denbora gutxian. Dudarik gabe, gorputz hitza atzetik dabilkit azken asteotan. Seinaleei kasu eginez, gorputzaz ariko naiz ni ere ondorengo lerroetan; hura den bezala ez onartzeak dakarzkigun ondoezez, zehatzago esanda.
Esan gabe doa, hemen aletzen hasiko ez naizen arrazoiengatik, kasu gehienetan emakumezkoa dela bere gorputzaren itxura onartzea nekeza izan dakioken hori. Era berean, asko hitz egiten da elikadura nahasmenduak dituzten gero eta nerabe gazteagoei buruz, baina, gaixotasun horietatik haratago, helduaroan sufrimendu handia eragiten duten portaera eta pentsamenduak daude, asko eta asko sozialki gaitzetsiak. Esate baterako, elikagai talde oso bat erabat baztertzea, baskulara maiz igotzea eta ikusitako pisuaren arabera gehiago edo gutxiago jatea, besteen gorputzekiko inbidia maiz sentitzea, kirola egin ondoren (orduan ba) jatea merezi dugula sentitzea, kulpa sentitzea behar edo nahi baino gehiago jan dugulako, pisu egokian egotean askoz ere alaiago egotea, etxetik kanpora ez jatea kontrola galduko dugun beldurrez….
Azken horiek denak sare sozialak arakatuz bildu ditut, alabaina, ez zaizkit guztiak arrotzak, ez horixe. Irakurle batzuei ere ez seguruenik, gizakiak ez baikara oso originalak itxura fisikoari lotutako konplexuei dagokienean behintzat, are gutxiago arazoaren jatorria ez denean norberaren baitakoa. Beste batzuei, akaso, axaleko gaia irudituko zaie, «honezkero» gainditu beharreko auzia. Hori ere gertatzen delako: pentsatzea emakume heldu batek, eta hein batean feminismoaren tresnak eskura dituenak, nahikoa segurtasun izan behar lukeela aipatutako horiek eraginik ez izateko. Gehitu diezaiogun, bada, auto-zigortzea aurreko denari.
Hori horrela izanik, alde batetik kezkatzen nau goian zerrendatutako jokaera edo sentipenei buruz hitz egiteko plaza faltak; bakardadeak, beste modu batera esanda. Bestetik, kezkatzen nau, baita ere, helduek gure ondorengoei ematen dizkiegun mezuak. Inkoherentzia darie besteekiko tolerantzia eta onarpena aldarrikatzen duten diskurtsoei, gure buruarekin hori egiteko nahiko lan dugunean. Zeren eta hitzez esplizituki kontrako mezurik eman ez arren, hitzezkoa ez komunikatzeko modu asko baitago.
Esandakoak esanda, tonu ilun xamarrean agian gaurkoan, argi dago, ahalik eta hoberen bizitzeko, kontu asko deseraiki eta beste hainbeste eraiki behar ditugula, bakarra
eta apartekoa den gorputz honi eusteko. Bitartean, gure gorputzari maite-maite batzuk egitea dagokigu, egunero pixka batez bada ere.