Gutuna: "Zigortuta jaio den belaunaldia"
Zenbait adituk diotenez, gure belaunaldia, historiako prestatuena izan arren, gure gurasoak baino okerrago biziko den lehena ere izango da. Eta, premisa horrekin ere, zenbaitek uste du gure gazteriari loteria egokitu zaiola. Baina guk badakigu hori ez dela egia, egungo egoerak gazteriaren zailtasunak agerian utzi dituelako, ez soilik pandemiarengatik bere aldetik, baizik eta egoerari aurre egiteko gobernuen kudeaketagatik batez ere.
Gure belaunaldiaren historia, Dorre Bikien erorketarekin eta Irakeko gerraren hasierarekin hasi zen, eta haurtzaroaren amaieran, “krisi” hitza entzuten hasi zen gure inguruan. Nerabezaroan, “murrizketa” eta “prekarietate” hitzak denon ahotan zeuden. Hasiera batean, zorionekoenak, agian, ez ginen erabat jabetzen termino horiek zer esan nahi zuten, baina heldutasuna eta helduarorako lehen urratsak igaro ahala, erabat ulertu dugu hitz horien esanahia eta ondorioak ere. Eta orain, helduaroan sartzen eta batzuk dagoeneko sartuta, aurrekaririk gabeko egoera batean gaude, gure belaunaldia berriro ere kolpatuko duena.
Aldi berean, inperio-zapaltzailearen autoritateek sortutako muntai faltsuen bitartez gazteak kartzelaratzen dituen Estatuari aurre egin behar dion belaunaldia ere. Ondorioz, gure egoera prekarioa larriagotu duen salbuespenezko egoera batean egon arren, gobernariek eta bere autoritateek ez digute uzten gure aldarrikapenak aldarrikatzen, egungo egoera ekonomiko eta soziala jasateko behartuak egongo bagina bezala, zigortuta jaio bagina bezala.
Eta gaur egun, pandemiaren egoeran, mundu osoko kasuen gorakadaren errudun jo dute gazteria. Batzuek diote gure belaunaldia arduragabea eta heldugabea dela, egoeraren errua gurea balitz bezala. Bitartean, agintariek belaunaldi-zigor hori baliatzen dute gazteei neurri handiagoan eragiten dieten murrizketak eta neurri prekarioak ezartzeko; unibertsitate publikoaren tasak lekuz kanpo daude, enplegu egoera larria da eta emantzipazioaren ezintasunean, gazte askok ezkutuko ekonomian bilatu behar dute salbuespena, bai ahal dutenek alokairua ordaintzeko eta baita ikasketak ordaintzeko ere bai. Gazte batzuek ezin dituzte online klaseak jarraitu baldintza material nahikoak ez dituztelako, eta oraindik ere gure osasun mentala ere ez da eztabaidagai gobernu askotan ezta gizarteko arlo batzuetan ere ez.
Baina zailtasunak zailtasun, gure belaunaldiak ez du amore emango; milaka gazte anonimo daude Euskal Herriko lurralde nazional osoan zehar antolatuak, kolektiboaren indarra eta komunitatearen baloreak ulertuz, egunen batean gure Euskal Herria tirano eta gaizkilerik gabeko herri librea izan dadin.
Zapalkuntza sistematikoari hortzak erakusten dion belaunaldiak, neoliberalismoaren menpe dauden gobernu hiltzaileei eta leporatzen diguten kriminalizazioari aurre egiteko, Maiatzaren lehenean kalera aterako gara Orereta eta Euskal Herri osoko gazteak. Aldaketa da aukera!
Asier Ventimiglia. Oreretako Ernaiko kidea.