Badirudi bizitzan baditugula garai edo une batzuk Erabakiak hartzeko: lagun-taldea aukeratzeko unea, ikasketak aukeratzekoa, bizilekua edo lantokia aukeratzekoa —aukera baldin bada—… Letra larriz agertzen zaizkigu erabaki horiek, baina badira egunero hartzen ditugun erabakiak ere, letra xehez etorriagatik, garrantzi handia hartzen dutenak. Ez diegu, seguruenik, Erabakiei adina buelta ematen; hausnarketa handirik gabe egiten dugu batera edo bestera, aldekoen eta kontrakoen zerrenda surrealistarik idatzi gabe. Ez ote dute, ordea, gure bizitza gehiago definitzen erabaki txiki horiek; hain txikiak izateagatik ia erabaki ere ez diruditenek; automatikoki, pentsatu gabe, zalantzan jarri gabe hartzen ditugun horiek? Gure burua martirizatzen dugu erabaki ustez handien aurrean; aitzitik, buruhauste txikienik ere gabe egiten ditugu erosketak supermerkatu batean, hartzen dugu kotxea, erosten dugu liburu bat Internetez, esaten diogu ezetz kuadrillako planari, erabakitzen dugu ez erabakitzea.
Izatez, une oro ari gara erabakiak hartzen eta, beraz, une oro ari gara handitzen erabakiek dakarten erantzukizunaren zama. Agian, justu horrexegatik, erantzukizunaren zama ez sentitzeagatik, edo ez ikusteagatik, kendu nahi izaten diegu garrantzia eguneroko erabaki txikiei. Gogorra litzateke hartzen dugun erabaki bakoitzaren kontzientzia eta erantzukizuna bizitzea. Izan ere, nola egiten zaio aurre gaizki hartutako erabakiari? Ardura ondokoari leporatu badiezaiokegu, gaitzerdi; baina norbera baino ez denean arduradun eta erantzule… Nola haserretu gure buruarekin? Nola egin marmar? Nola, errieta? Hori da, ordea, erabaki handiagoei onartzen dieguna. Funtsean, beraz, erabakiak berak baino erabaki horien ondorioz sentitzen dugun erantzukizuna da, beharbada, erabaki txikiak eta handiak bereizten dituena.
Dena den, hautespen naturalak galbahe ona pasatzen du inondik ere, eta, normalean, hartutako erabakia onena izan dela konbentzitzeko gaitasun liluragarria izaten dugu, ia sinesgaitza. Autosuntsitu edo autokonbentzitu; tarteko biderik ez dakit baden. Eta biziraupenaren legeek bigarrena behar dute, ezinbestean. Edonola ere, tarteko biderik ez, agian, baina hirugarren bat bada: ihesbidea. Hau da, erabakia beste norbaitek hartzea. Nahita edo nahi gabe izan, aztertzekoa izan liteke hartzen ditugun erabakietan zenbat diren benetan hartuak, eta zenbat diren etorriak, edo etorri ahala hartuak. Zenbateraino gara kontzienteki hartzen ditugun erabakien jabe? Aholku eske ondokoarengana jotzen dugulako, edo eskatu gabe ere aholku zaparrada jasotzen dugulako, eraginen sarean bizi garelako, gure seiluz markatzeko modukoak al dira, txiki eta handi, gure erabaki guztiak?