Jaungoiko-txikiren ibilerak
Sekula entzun ote duzu Jaungoiko-txiki izena? Bere denboran sona handiko pertsonaia izan zen: ibilitako tokian arrastoa utzi duten horietakoa. Etxeko miseria ezin jasanik, bere burua urkatu zuen aitarengandik jaso zuen izengoitia. Amak, biziko baziren, Oreretako kaleetan hasi behar izan zuen eskean. Mutikoa, kalean hazi eta hezi omen zen, denen trufen eta iseken jomuga. Akaso, orduan bihurtuko zen behartsu eta babesgabeen lagun!
Lapurren ofizioa ikasi omen zuen lehenik, afizioak baino beharrak gehiago animatuta. Kaputxinotan Felix Istillart lankideari sabela ireki omen zion alderik alde labanaz lapurretan ari zitzaiola. Hura izan zen bere lehen odol kontua.
Behin, Donostiako sagardotegi batean, gizon bat hasi omen zitzaion zirika eta zirika, gainerakoen barre algarak harrotuz. Leporaino eginda, labanaz akabatu zuen. Mikeleteek atxilotu zuten Oreretan Zeutako kartzelara eramateko. Bazeramatela, herriko hiru jauntxo harroxkok honela egin zioten burla:
– Eup! Aizak, hi! Bidaia ona izan!
– Bueltakoan hil egingo zaituztet—, esan zien Jaungoiko-txikik, amorrua begietan.
Kartzelan, preso-zain batek Jaungoiko-txikiren kartzela lagun bat zigortu eta jipoitu zuen bidegabeki.
– Horrek ez hau gehiago joko, hago lasai!, —esanez, preso-zaina hil zuen bularrean labana sartuz.
Zeutako kartzelatik Melillara eraman zuten 1893an presoen batailoiarekin, beren independentzia defendatzen zuten moroen aurka. Gerra ez zuen gogoko. Ez zuen ulertzen nola hil zitekeen jendea arrazoirik gabe. Orduan, alde egin eta moroen alde jarri zen.
«Prestu eta ernea zelako, lege aundia artu zion Muley-Haffid buruzagiak eta bere laguntzaile egin zuen. Moroen gisara jazten zen eta espainol gatibuei mesede aundiak egiten zizkien. Maiz askoan euskaldunak ere topatzen zituen; beren artean euskaraz ari oi ziren, moroak konpreni ez zezaten; Jaungoiko-txiki euskaraz mintzatzen zitzaien… haugatik laster zabaldu zen moro giputz haren entzutea», jaso zituen Joseba Sarrionandiak Moroak gara behelaino artean? (Pamiela, 2010) lanean, Evaristo Bozas Urrutia idazle oreretarrari Andanzas y mudanzas de mi pueblo Errenteria kondairan eta ipuinetan liburuan irakurrita.
Gerra amaitu zenean, Muley Haffidik Espainiako Gobernuari eskatu zion ez zezatela Jaungoiko-txiki hil. Hil ordez, Kartagenako kartzelan sartu zuten preso. Handik ihes egin, eta hamasei egunetan itzuli zen herrira, oinez.
Ustekabean agertzen ikusi zutenean asaldatu ziren denak herrian. Zer esanik ez, iseka eginez agurtu zuten hiru lagunak. Beldurrak airean, zer egin erabakitzeko bildu ziren. Azkenean, denen artean dirua bildu, eta ondorengoa proposatu zioten:
– Ameriketarako bidaia ordaindu eta diru zorro hau emango dizugu.
– Ongi zegok! — erantzun zien Jaungoiko-txikik bizitzan lehen aldiz etorkizuna antzemanez.
Eta Ameriketara joan zen. Harrezkero, lan egin, saiatu eta aurrera egin zuen. Txilen bizi izan zen zenbait ondasunen jabe eginik. Bozas Urrutiak ez zuen nahi izan Jaungoiko-txikiren izenik aipatu, belaunaldi batez herria beldurtuta izan zuenak bizitza berrian lortu zuen izen ona ez itzaltzeko.
Orain arte gertatutakoak. Hortik aurrera, badakizu, norberak kontatzen du historia bere erara. Zenbaitek kontatzen du Jaungoiko-txiki dela Gaztelarrek Villanueva de Oiarso fundatu zutenetik igaro diren 694 urtetan herriak izan duen kriminal bakarra. Konta liteke ere, goseak, bazterkeriak eta bidegabekeriak bultzatu zutela horretara; baina ongi baino hobeki erakutsi zuen, ordea, pertsona ona eta langilea zela bizitzak irribarre egin zion lehen aukeran.
Ni Robin Hood eta pirata bihurtu zen Patakon bidelapurraren esanarekin akordatu naiz: «Patakon, daukanari kendu eta ez daukanari emon!».