Naturala eta errepikakorra
KALE KANTOITIK
Euria ari du, goian behean. Maiatzak 19 ditu eta igandea da. Balkoira irten eta hara non ikusten dudan Leku-Zaharreko plazan ura gora eta gora ari dela.
Kalean pilatzen ari den ur marroiak, sepia koloreko argazki zaharra dakarkit gogora. Zenbatetan ez ote genituen ikusi umetan kale haiek urez beteta.
Harrigarria egin zait hurrengo egunetan beste lekuetako zenbat ezagun hurbildu zaizkidan ilun itxurako aurpegiz urek gure herrian izan duten ibileren berri jakin nahian… hara zer boterea duten hedabideek!
Galderek eguneroko zalapartatik aldendu eta begirada herrian jartzen lagundu didate. Foru plazara egunero itzultzen diren kaioak izango dira, akaso, ingurumari hori guztia kaia izan zenaren azken lekukoak. Irudikatzen al duzu Foru plaza kai, itsasontziak han lotuta? Bada, hori izan zen, kai, hamarkada luzeetan.
Mendeetan, urez —itsasokoa eta ibaikoa—, inguratuta zegoen Orereta. Herri harresitua izan zen garaian, herriak zituen bost ateetatik hiruk itsasora edota ibaira eramaten zuten.
Itsasoak atzera egin eta lokatza nagusituz joan zen eremuak hartu genituen Orereta zabaltzeko. Padurak lehortu genituen haien gainean herria eraikitzen jarraitzeko.
Asfaltoaren, espaloien eta abarren azpian jarraitu dute inguruko mendiek isurtzen dituzten urak daramatzaten errekek itsasorako beren bidea.
Iztietako Irun kalearen azpitik doan erreka, Biteri kalea zeharkatu eta Ondartxon hormari egin zioten tuneletik itsasoratzen da. Artean, badira Biteri kaleak Zubitxo izena zueneko garaiak ezagutu zituztenak.
Lurrazalean mundu ero honek bere martxa jarraitu duen bitartean, lurrazpian errekek beren bidean jarraitzen dute, isilik. Euria gogoz ari duenean eta itsasoak gora egiten duenean, ezin kabiturik geratzen dira gure errekak eraiki genizkien porlanezko kaioletan, eta, badakizu, urak beti aurkitzen du bere bidea. Lur gainera atera, eta beste leku batzuk okupatzen hasi behar, halabeharrez.
Orereta handitzearekin batera hasi zen uholdeen historia gure herrian. Joan den mendeko 30eko hamarkadan izandakoak sonatuak izan ziren: Papelerako enborrak herrian barrena barreiatuak, ito ziren lagunak… urtetan herritarrek egindako eskakizunei erantzuteko, 1940ko hamarkadan, gerrako esklaboek, Oiartzun ibaia desbideratu zuten eta gaur ezagutzen dugun horma artera kondenatu zuten.
Pozarren izango ziren, orduan, etxe abereak. Izan ere, marea bizien garaian, eta euria gogor hasten zuenean, beheko apaletan eta lurretik hurbil zeuden gauzekin batera, alturan jarri behar izaten zituzten. Gose urte haietan, Mendiola jatetxean gizendutako zerrikumea, esaterako, etxeko bainuontzian gorde behar izaten zuten uretatik libratu, eta, bide batez, bainuontzi irristakorrean ezin irtenda zaintzeko.
URAk, Uraren Euskal Agentziak, garbi azaldu du ezinezkoa dela «ur askoko gertakarietan metatzen den emariari eustea ibaiaren ohiko ibilguan: ibaiak natural loditzea eta mehetzea baitu nortasun, natural eta errepikakor; alegia, saihestu ezinezko gertakari naturala da ur goraldia. Horrekin bizi beharrekoa».
Zenbaitetan, urek gora egitea behar dute, gure iragana gogora ekarri eta gure txikitasunaren neurria gogorarazteko.