Gutuna: "Bada garaia Pasaian gezurrekin amaitzeko"
Lourdes Etxeberria Altunak gutuna bidali du HITZAra. Hura, Escalerillaseko etxebizitzetan errentamendu-kontratua indarrean zuten titularretako baten alaba da. Hona, hitzez hitz, hark esandakoak.
Bada garaia Pasaian gezurrekin amaitzeko
Escalerillaseko etxebizitzetako hainbat bizilagunen eta Pasaiako Portu Agintaritzaren artean lortu den akordioa ez da inongo negoziazioren emaitza izan, inposaketa baten emaitza baizik.
Pasaiako Portu Agintaritzarekin (APP) errentamendu-kontratua indarrean zuten titularretako baten alaba naizen aldetik, adierazi nahi dut ez nagoela batere ados erakunde horrek hainbat komunikabidetan argitaratu duen informazioarekin.
Lortu den akordioa ez da inolako negoziazioren emaitza izan, baizik eta bi urtez auzokide hauek jasan behar izan duten inposaketaren emaitza. Etsai gisa tratatu dituzte. Noren etsaiak?, galdetzen diot neure buruari, kaltetuenak eurak izan direnean.
Desjabetze batekin mehatxatu dituzte, gaizki tratatu dituzte, beldur handia sartu diete. Etika eta moral falta erabatekoa izan da. Sinatuta zuten kontratua urratu dute: Portu Agintaritzak lursailak behar izatekotan, ezaugarri bereko beste etxebizitza bat eskaini beharko litzaieke.
Ziurgabetasun handiko bi urte gogor izan dira, urduritasunak eta lorik egin gabeko gauak. Oso nekatuta daudenez, osasuna eta lasaitasuna guztiaren gainetik daudela erabaki dute. Hori bai, hiru emakume hauek, Marina, Mari Cruz eta Maitek, bizi-lezioa eman digute, laurogei urte baino gehiago dituztelarik, borroka egin dute, parte hartu dute sinadura bilketan, prentsa eta irrati elkarrizketetan, manifestazioetan, udalera joan dira… beren etxeetan geratzeagatik. Bizi osoko aurrezkiak utzita eraberritu zituztenak, bide batez.
Lehen pertsonan bizi eta egiaztatu dut “bizitza honetan denak ez du balio” dioen esaldia. APPri, Administrazio Kontseiluari, Algeposari eta ETSri esaten dizuet merkantzien trenaren proiektu honek aberastasuna eta kamioi gutxiago ekarri ahal izango dituela, zuen ustez. Baina ez ditu balioak eta printzipioak ekarriko, zuek ez dituzuelako. Jende honen bizitza zapuztu duzue eta berdin izan zaizue.
Denbora honetan guztian, gure alkatearen eta Pasaiako udalbatzako alderdien aldetik ‘nola zoazte?’ sinple bat falta izan zaigu, erabat baztertu baitira eta gure arazotik erabat aldendu baitira.
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiot Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuari, bere laguntzarik gabe, guk bakarrik ezingo genukeelako borroka hau aurrera eraman. Ez dut ahaztu nahi Patxi gure bizilaguna, osasunez makal baitzegoen. Bizitzen ari ginen egoerak bere osasun egoera larriagotu zuen eta abuztuan hil egin zen.
Lourdes Etxeberria Altuna. Pasaia.
