Hiru adin txikiko atxilotu dituzte ustez zortzi komertzioetan lapurtzeagatik
Ertzaintzak 15 urteko bi adin txikiko eta 17 urteko beste bat atxilotu zituen pasa den asteazkenean, ustez labanarekin mehatxatuta herriko eta inguruko zortzi komertzioetan lapurtzeagatik. Herrizaingo Sailaren arabera, beste bi adin txikiko ere identif...
Ertzaintzak 15 urteko bi adin txikiko eta 17 urteko beste bat atxilotu zituen pasa den asteazkenean, ustez labanarekin mehatxatuta herriko eta inguruko zortzi komertzioetan lapurtzeagatik. Herrizaingo Sailaren arabera, beste bi adin txikiko ere identifikatu zituzten 12 eta 13 urtekoak, beste bi lapurretetan parte hartu zutelakoan.
Lehenengo lapurreta abenduaren 28an izan zela adierazi du Herrizaingo Sailak, eta data horretatik aurrera antzeko lapurretak egin dituztela gaineratu du, beti labanaren mehatxupean.
Herrizaingo Sailaren esanetan, hainbat salaketa jaso dituzte, eta horiek bat egiten dute deskribapenarekin: bi gazte, kaputxarekin eta arma zuriak zituztela. Normalean, lokalak itxi aurretik sartzen ziren, arratsaldeko azken orduan. Gaineratu duenez, dirua eta kasu batean ordenagailu eramangarria ere eraman zituzten ustezko lapurrek.
Sei lapurreta Errenteria-Oreretan izan dira, bat Pasaian, eta beste bat Donostian.
Gipuzkoako Adin Txikikoen Fiskaltzaren esku utzi dituzte hiru adin txikikoak.