Kanpai hotsak, zergatik?
Batek baino gehiagok galdegin zuen astelehen eguerdian zergatik jotzen ari ziren Oiartzungo Doneztebe parrokiako kanpaiak eguerdi partean. Sutea? Hileta? Jaia? Ez zen horietako bat ere. Egun kanpaiak jotzen ari diren boluntarioek erakustaldia egin zuten Elizaldeko ikasleentzat. Datorren hiru astelehenetan ere gauza bera egingo dute. Elizalde Eskolak interesa agertu zuen, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek egun kanpaiek nola funtzionatzen zuten ezagutu zezaten. Hitzaldi bat eman ordez, kanpai joleek ikasleak elizara eramatea erabaki dute, kanpaiak eta jotzeko moduak bertatik bertara ezagutzeko. Talde txikietan banatu dituzte ikasleak, eta martxoko eta apirileko lau astelehenetan zehar, hitzalditxoaz gozatuko dute. Lehena astelehenean egin zuten. Lorena Zalakainek eta Joseba Zabaletak, kanpaien funtzioa, erabilera eta hainbat datu ezagutarazi zizkioten ikasle talde bati. Eta nola jotzen duten erakutsi. Egun, Oiartzunen, urtean 20 aldiz jotzen dituzte kanpaiak, egun berezietan. Bestela, orduak ematen dituzten kanpai joaldiak automatizatuta daude (ordenagailu bidez). Egun berezietan, berriz, lau pertsona aritzen dira jotze lan horretan boluntario: Lorena Zalakain duela bost urte hasi zen; Joseba Zabaleta eta Larraitz Mitxelena duela 11 urte, eta Joxe Mari Eguesek duela 30 urte jotzen ditu. Lan hori gustatzen zaielako egiten dute eta badakite jarraitzen duten tradizioa gutxienez XIX. mendekoa dela. Garai batean, elizako sakristauak jotzen zituen kanpaiak, familia batzuen [...]
Batek baino gehiagok galdegin zuen astelehen eguerdian zergatik jotzen ari ziren Oiartzungo Doneztebe parrokiako kanpaiak eguerdi partean. Sutea? Hileta? Jaia? Ez zen horietako bat ere. Egun kanpaiak jotzen ari diren boluntarioek erakustaldia egin zuten Elizaldeko ikasleentzat. Datorren hiru astelehenetan ere gauza bera egingo dute.
Elizalde Eskolak interesa agertu zuen, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek egun kanpaiek nola funtzionatzen zuten ezagutu zezaten. Hitzaldi bat eman ordez, kanpai joleek ikasleak elizara eramatea erabaki dute, kanpaiak eta jotzeko moduak bertatik bertara ezagutzeko. Talde txikietan banatu dituzte ikasleak, eta martxoko eta apirileko lau astelehenetan zehar, hitzalditxoaz gozatuko dute.
Lehena astelehenean egin zuten. Lorena Zalakainek eta Joseba Zabaletak, kanpaien funtzioa, erabilera eta hainbat datu ezagutarazi zizkioten ikasle talde bati. Eta nola jotzen duten erakutsi.
Egun, Oiartzunen, urtean 20 aldiz jotzen dituzte kanpaiak, egun berezietan. Bestela, orduak ematen dituzten kanpai joaldiak automatizatuta daude (ordenagailu bidez).
Egun berezietan, berriz, lau pertsona aritzen dira jotze lan horretan boluntario: Lorena Zalakain duela bost urte hasi zen; Joseba Zabaleta eta Larraitz Mitxelena duela 11 urte, eta Joxe Mari Eguesek duela 30 urte jotzen ditu.
Lan hori gustatzen zaielako egiten dute eta badakite jarraitzen duten tradizioa gutxienez XIX. mendekoa dela. Garai batean, elizako sakristauak jotzen zituen kanpaiak, familia batzuen laguntzarekin.Gazte hasten ziren jotzen, akolito (monagillo) zirela. Egun halako figurarik ez dagoenez, lau boluntario horiek betetzen dute hutsune hori, eta gustura egiten dute. Baina, horiek ere ez dira betiko.
Kanpaiak jotzeko jende falta
Ez dira betiko eta lekukoa norbaiti pasatu behar diote. Hala, Elizaldetik erakutsitako interesa dela eta, bertako ikasleei eta herritarrei jakinarazi nahi diete herriko kanpaiak jotzen erakusteko prest daudela, inork interesa balu.
Oiartzunen, bi neska eta bi mutil dira joleak. Baina nesken kasuan, adibidez, gogorarazi dute are gutxiago direla beste herrietan ere eta Espainiako Estatuan hiru bakarrik daudela: Oiartzungo biak eta beste bat Burgosen.
Hortaz, neskak eta gainontzeko herritarrak ere animatu dituzte kanpaiak jotzen ikastera: «Besterik ezean, jotzen dugun edozein festetan gurekin kanpai dorrera igotzera gonbidatuta zaudete». Interesa dutenek 943 49 35 78 telefono zenbakira deitu besterik ez dute (eta Josebagatik galdetu).
Hurrengo hiru astelehenetan, beraz, inor ez dadila harritu kanpai hotsak entzuten baditu. Etorkizuneko jotzaileak izan litezke kanpai dorrean daudenak.
Kanpai hotsak
Negua
- Abendua. 24 (Gabon Gaua), 25 (Eguberri Eguna), 26 (Xanisteban Eguna), eta 31 (Urte Zahar Gaua).
- Urtarrila. 1 (Urte Berri Eguna) eta 6 (Errege Eguna).
Udaberria
- Martxoa. 19 (San Jose).
- Ostegun Santua.
- Berpizkunde bezpera.
- Berpizkunde Eguna.
- Corpus Eguna.
Uda
- Ekaina. 23 (San Juan bezpera).
- Uztaila. 31 (San Inazio Eguna).
- Abuztua. 2 (Xanisteban bezpera), 3 (Xanisteban Eguna) eta 15 (Ama Birjinaren Eguna).
Udazkena
- Azaroa. 1 (Domu Santu Eguna).
- Abendua. 8 (Sortzez Garbi Eguna).