Odola zuri-urdina dutelako
Bidasoko errealzaleak batzeko asmoz sortu dute David Zurutuza Taldea. Reala eta bereziki Zurutuza futbolaria jarraituko dituzte, eta Gipuzkoatik kanpoko futbol zelaietara irteerak antolatuko dituzte. Ostiral arratsaldean inauguratu zuten jokalariaren izena daraman taldea Irunen, Bidasoko Euskal Kultur Elkartearen (EKT) egoitzan. Ekitaldia futbolariaren golak eta irudiak biltzen zituen bideo berezi batekin hasi zuten, eta jarraian, Zurutuzak berak aitortu zuenez, Amets Arzallusek bertso “hunkigarriak” eskaini zizkion futbolari zuri-urdinari. Arzallus bertsolariak txikitan Hendaian izaten zen futbol txapelketan parte hartzen zuela kontatu zuen: “Davidek bertan jokatzen zuen. Gu baino hiru urte gaztegoa izanda ere, jokatzen ikusten genuenean, gu segur aski futbolariak ez ginela izango konturatzen ginen, eta lekzioa hain goiz eman izana eskertzen diot”. Zurutuza aparteko jokalaria dela ez da gauza berria, baina lagunartearen bultzatzaileen arabera, “pertsona bezala oraindik ere hobea delako”, sortu dute peña. “Jokalari ezberdina” Pintxoak, afaria eta aparteko giroa izan ziren ostiralean EKTn. Joseba Llorente Realeko futbolari hondarribiarra eta bere taldeko lagunak ere izan ziren inaugurazio ekitaldian. Iñaki de Mujika kirol kazetariak ere jokalariaren izateko era eta balioak nabarmendu zituen: “David ez da bere taldekideak baino hobea edo eskasagoa, ezberdina da. Ez dakit zergatik izango den, baina jendeak asko maite du David. Kirolariei babesa erakustea oso garrantzitsua da”. Zuruk, hala ezagutzen dute [...]
Bidasoko errealzaleak batzeko asmoz sortu dute David Zurutuza Taldea. Reala eta bereziki Zurutuza futbolaria jarraituko dituzte, eta Gipuzkoatik kanpoko futbol zelaietara irteerak antolatuko dituzte. Ostiral arratsaldean inauguratu zuten jokalariaren izena daraman taldea Irunen, Bidasoko Euskal Kultur Elkartearen (EKT) egoitzan.
Ekitaldia futbolariaren golak eta irudiak biltzen zituen bideo berezi batekin hasi zuten, eta jarraian, Zurutuzak berak aitortu zuenez, Amets Arzallusek bertso “hunkigarriak” eskaini zizkion futbolari zuri-urdinari. Arzallus bertsolariak txikitan Hendaian izaten zen futbol txapelketan parte hartzen zuela kontatu zuen: “Davidek bertan jokatzen zuen. Gu baino hiru urte gaztegoa izanda ere, jokatzen ikusten genuenean, gu segur aski futbolariak ez ginela izango konturatzen ginen, eta lekzioa hain goiz eman izana eskertzen diot”.
Zurutuza aparteko jokalaria dela ez da gauza berria, baina lagunartearen bultzatzaileen arabera, “pertsona bezala oraindik ere hobea delako”, sortu dute peña.
“Jokalari ezberdina”
Pintxoak, afaria eta aparteko giroa izan ziren ostiralean EKTn. Joseba Llorente Realeko futbolari hondarribiarra eta bere taldeko lagunak ere izan ziren inaugurazio ekitaldian. Iñaki de Mujika kirol kazetariak ere jokalariaren izateko era eta balioak nabarmendu zituen: “David ez da bere taldekideak baino hobea edo eskasagoa, ezberdina da. Ez dakit zergatik izango den, baina jendeak asko maite du David. Kirolariei babesa erakustea oso garrantzitsua da”.
Zuruk, hala ezagutzen dute realzaleek, beste futbolarietatik bereizten duen umiltasunez, esker hitzak besterik ez zituen izan jasotako babes eta animo mezu bakoitzarengatik: “Lehenengo aldia da horrelako zerbait egiten didatela, eta eskertzekoa da”. Festak ezin zuen bestela bukatu. Anoetan bezala, Zuru, Zuru! oihuen artean agurtu zuten Realeko futbolaria.
Apirilean, bestalde, Hondarribian ospatuko dute Realeko lagunarteen edo peñen topaketa, eta ekimen hori Bidasoko taldeen artean antolatuko dute.