Udalari eta herriari dohaintza
Arditurriko meategietako historia berreskuratzeko urrats polita egin zuen hilaren 11n Udalak. Antonio Etxebeste Irigoien Arditurriko langile izanaren familiak, Belgikako erreinuaren eskutik Etxebestek jasotako diploma eta domina eman zizkion Oiartzungo Udalari. Arditurriko meategietan 25 urtez lan egiteagatik jaso zituen opari horiek Etxebestek. Haren bilobek, Arantza eta Itziar Lekuonak, Aitor Etxeberria alkateari eta Kristina Brit Arditurriko meategiak kudeatzen dituen OTASA enpresako kudeatzaileari eman zizkioten biak dohaintzan. Arditurriko ‘Naparra’ Antonio Etxebeste Irigoien lesakarra zen jaiotzez, eta askok Naparra goitizenez ezagutzen zuten Oiartzunen eta inguruko herrietan. Ugaldetxoko Azaleneko alabarekin ezkondutakoan Oiartzunera etorri zen bizitzera eta 1928. urtean hasi zen lanean Arditurriko meategietan. Bilobek azaldu dutenez, bagonetekin aritzen zen lanean aitona. Hasieran, Belgikako enpresa batek ustiatzen zituen meategiak, baina gero Compañia Asturiana de Minasi saldu zion enpresa horrek Arditurri. Enpresa horrentzako lanean ari zela hartu zuen erretiroa Etxebestek. Bitxikeriak ere kontatzen dituzte bilobek: “Erretiratu zenetik hil arte, ikatza dohainik jaso zuen aitonak. Gogoratzen dugu hilero etortzen zela kamioia etxera”. Etxebeste duela 35 urte hil zen, eta Arantza Lekuona bilobaren etxean zeuden hilaren 11n Udalari emandako domina eta diploma. Duela bizpahiru urte Arditurriko Interpretazio Zentroa bisitatu zuenean, material horrentzako toki egokia izan zitekeela pentsatu zuen. Hala, Udalari dohaintza egitea erabaki zuen familiak: “Badakigu maitasunarekin zainduko dutela [...]
Arditurriko meategietako historia berreskuratzeko urrats polita egin zuen hilaren 11n Udalak. Antonio Etxebeste Irigoien Arditurriko langile izanaren familiak, Belgikako erreinuaren eskutik Etxebestek jasotako diploma eta domina eman zizkion Oiartzungo Udalari. Arditurriko meategietan 25 urtez lan egiteagatik jaso zituen opari horiek Etxebestek.
Haren bilobek, Arantza eta Itziar Lekuonak, Aitor Etxeberria alkateari eta Kristina Brit Arditurriko meategiak kudeatzen dituen OTASA enpresako kudeatzaileari eman zizkioten biak dohaintzan.
Arditurriko ‘Naparra’
Antonio Etxebeste Irigoien lesakarra zen jaiotzez, eta askok Naparra goitizenez ezagutzen zuten Oiartzunen eta inguruko herrietan. Ugaldetxoko Azaleneko alabarekin ezkondutakoan Oiartzunera etorri zen bizitzera eta 1928. urtean hasi zen lanean Arditurriko meategietan. Bilobek azaldu dutenez, bagonetekin aritzen zen lanean aitona.
Hasieran, Belgikako enpresa batek ustiatzen zituen meategiak, baina gero Compañia Asturiana de Minasi saldu zion enpresa horrek Arditurri. Enpresa horrentzako lanean ari zela hartu zuen erretiroa Etxebestek. Bitxikeriak ere kontatzen dituzte bilobek: “Erretiratu zenetik hil arte, ikatza dohainik jaso zuen aitonak. Gogoratzen dugu hilero etortzen zela kamioia etxera”.
Etxebeste duela 35 urte hil zen, eta Arantza Lekuona bilobaren etxean zeuden hilaren 11n Udalari emandako domina eta diploma. Duela bizpahiru urte Arditurriko Interpretazio Zentroa bisitatu zuenean, material horrentzako toki egokia izan zitekeela pentsatu zuen. Hala, Udalari dohaintza egitea erabaki zuen familiak: “Badakigu maitasunarekin zainduko dutela material hau Arditurrin”.
Alderdi soziala
Orain, Arditurriko Interpretazio Zentroan kokapen egokia bilatuko diote dominari eta diplomari. Udaletik gogorarazi dutenez, “Arditurriko floraren, faunaren eta meatzaritza ustiapenaren inguruko informazio osatua dagoen arren, bertako aspektu sozialena berreskuratzea ere ezinbestekoa da bertako historia berreskuratzeko”. Eta alde sozial hori bertako langileen egunerokotasunak osatu zuen, batik bat Udaletik nabarmendu dutenez. Horregatik, Etxebesteren senideek egindako dohaintzak interes berezia du.
Kristina Britek gogorarazi duenez, «bertan egindako lanaren aztarnarik apenas gelditu da Arditurriko meategian». Compañia Asturiana de Minasek Errenteria-Oreretan zuen enpresak su hartu zuenean, material asko desagertu zen. Orain, Kantabriako Unibertsitatearekin harremanetan, dokumentazioaren zati bat han badagoela jakin ahal izan du Udalak.
Materiala, Udalari
Era berean, Arditurriko meategietan lan egin zuten langileek eta euren ondorengoek dokumentazio, material eta informazio interesgarririk izango balute, Udalarekin harremanetan jartzeko eskatu dute.