Xabier Cazorlak European Cup txapelketa irabazi du Andaluzian
Xabier Cazorla judoka lezoarra geldiezin dabil. Beste urrezko domina bat lortu zuen herenegun Fuengirolako (Malaga, Espainia) European Cup txapelketan. Hainbat herrialdetako arerioak izan zituen Usurbil Judo Taldeko lezoarrak 17 urtez azpiko kategorian...
Xabier Cazorla judoka lezoarra geldiezin dabil. Beste urrezko domina bat lortu zuen herenegun Fuengirolako (Malaga, Espainia) European Cup txapelketan.
Hainbat herrialdetako arerioak izan zituen Usurbil Judo Taldeko lezoarrak 17 urtez azpiko kategorian (66 kilo baino gutxiagoko mailan). Lehen borrokaldia aisa irabazi ondoren, Antonio Valentim portugaldarraren kontra borrokatu zen. Gogor lehiatu zen Valentim aurreko borrokaldian, baina Cazorlak judorik onena atera eta ippon bidez menperatu zuen portugaldarra eta finalerako txartela eskuratu zuen. Finalean, berriz, Frantisek Smehlik txekiarra izan zuen arerio. Txekiarra ondo gainditu zuen Cazorlak.
Enara Sagarzazu Hondarribiko Ama Guadalupekoa taldeko lezoarrak ere European Cupen parte hartu zuen, 63 kiloz azpiko mailan. Maria Silva portugaldarrak finalean gainditu zuen lezoarra. Zilarrezko domina horri esker, Europako Kadete Mailako lehen puntuak eskuratu zituen Sagarzazuk.
Bestalde, beste lezoar batek, Jon Gainzak, urrezko domina lortu zuen Espainiako Eskolarteko Borroka Txapelketan. Ama Guadalupekoa taldeko kirolaria 47 kiloz azpiko kategorian nagusitu zen.
Gainera, Hondarribiko taldea lehen postuan geratu zen taldekako sailkapenean. Guztira 30 taldek baino gehiagok hartu zuten parte Alboroten (Granada, Espainia) jokatu zuten Eskolarteko Txapelketan. Euskal selekzioa ere lehena izan zen.