Eko Birak izandako harrerarekin pozik azaldu dira antolatzaileak
Eko Birak harrera ona izan du
Pozik azaldu dira Eko Biraren antolatzaileak azokak jaso duen erantzunarekin. Donostian hasi zuen ibilbidea Eko Birak eta joan den larunbatean heldu zen Errenteria-Oreretara egun batez kontsumo jasangarria aldarrikatzeko. “Donostian jasotako erantzuna baino hobeagoa izan da errenterian jasotakoa, bigarren herria zenez, informazio gehiago zeukan jendeak, eguraldi paregabea izan genuen eta leku estrategikoan kokatuta zegoen azoka bera” zehaztu du Zuriñe Sanchez Maguregi, Kutxa Ekoguneko Marketing Soziala eta Komunikazio arduradunak.
Bost enpresen parte hartzea
Sanchezek parte hartzea nabarmendu du “postuei dagokienean eta baita bisitariei dagokienean ere. Oraindik ez ditugu datu zehatzak, baina bisitari asko izan genituen”. Enpresei dagokienean, bostek hartu zuten parte Eko Biran. Horien artean Irungo Garbitek enpresa nabarmendu du Sanchezek. Energia berriztagarriaren arloan lan egiten du aipatu enpresak eta “energia mota hori erabiltzen duten jostailuak erakutsi zituzten beraien postuan eta horregatik haur ugari bildu ziren bertara” gaineratu du Zuriñe Sanchezek.
Bisitari asko izan zituen beste postuetako bat, Pasaiako Itsasgela enpresarena izan zen eta batez ere haurrak hurbildu ziren. “Bertan jokua proposatu zieten hurbildutakoei. Kañaberak zituzten eta arrantzatu egin behar zuten. Ondoren hartutako arrainak neurriak errespetatzen zituzten begiratu behar zuten” azaldu du Kutxa Ekoguneko Komunikazio arduradunak.
Bestalde, Usurbilgo Lanbide Eskolakoek erakusketa egin zuten azokan bertan “eguzki sukaldea ekarri zuten Eko Birara eta martxan jarri zuten jendeaurrean erabilera erakusteko”.
Kontsumo jasangarria
Enpresez gain artisauek ere hartu zuten parte azokan: elikagaiak, landare eta loreak, ogia, eta gazta erosteko aukera izan zuten azokara hurbildu zirenek. Bigarren eskuko produktuak saltzen zituzten hiru postu ere izan ziren Eko Biran eta baita eskuz margotutako alpargatak saltzen zituen postua ere.
Eko Biraren helburua kontsumo jasangarria sustatzea da “zentzu zabal batean gainera” zehaztu du Sanchezek: “jaten dugunaren gainean, jolasteko erabiltzen dugun horretan, erosketetan, bidaiatzerakoan, etxeko kontsumoan zein erabiltzen dugun energian eragin nahi dugu”.
Azoka izaten ari den harrera kontuan hartuta, datorren urtean errepikatzeko asmoa agerian utzi du Kutxa Ekoguneko Komunikazio arduradunak :”Eko Birak bisitatuko dituen hurrengo herrietan arrakasta bera badugu, jarraitu beharko dugu egitasmoarekin”. Eko Birak orain Arrasate aldera egingo du “uztailaren 9an antolatuko dugu azoka bertan, eta 23an berriz, Zarautzen egingo dugu” zehaztu du Sanchezek. Horrekin batera Oarso Bidasora itzuliko dela aurreratu du, “iraila-urria aldera Irunen antolatuko baitugu”.