Aloña Etxeberria: “Egoiliarrek arteaz gozatzea eta lan pixka bat egitea lortzen dugu erakusketekin”
Petra Lekuona zaharren egoitzan egiten du lana Aloña Etxeberriak. Bere ekimenez, erakusketak jartzen dituzte hilabetero. Egoiliarrei artea hurbiltzea, eta herritarrak egoitzara gerturatzea da asmoa. Aloña Etxeberria (Donostia, 1979) Petra Lekuona Zaharren Egoitzako psikologoa eta monitorea da. Bere ideia izan zen hilabetero erakusketa bat bertan jartzea. Artistek, bisitariek eta egoiliarrek ondo erantzun dutela dio. Urtebete daramazue proiektuarekin. Bai. Iazko xanistebanetarako jarri genuen lehenengo erakusketa. Nola otu zitzaizun erakusketak egoitzan jartzea? Zerbait isolatua bezala hasi ginen. Hemen izan zen egoiliar bat eta alabak margotu egiten zuen. Emakume hori hil zen, eta bururatu zitzaidan polita izango zela alabaren lanak hemengo egoiliarrei erakustea. Izan ere, egun batean bizpahiru koadro ekarri zituen ikusteko, eta denon interesa piztu zuten. Proposatu nion, eta berak bere aldetik beste bi margolariri ere ideia azaldu zien. Bera Esperantza Beasain da, eta Joxe Mari Isasarekin eta Ixiar Urkiarekin hitz egin zuen. Denen artean, erakusketa hori iazko xanistebanetako programan sartzea lortu genuen. Ondoren, dagoeneko erakusketa hartarako prestatuta genuenez gune bat, eta hemen ere ideia gustatu zitzaienez, aurrera eramaten saiatu naiz. Hala, hilabetean behin, artista amateur ezberdin bati aukera ematen diogu bere lanak egongela handi honetan erakusteko. Bi helburu ditu egitasmoak, ezta? Bai, horiek dira proiektuaren oinarria. Bi helbururekin pentsatuta neukan proiektua. Batetik, [...]
Petra Lekuona zaharren egoitzan egiten du lana Aloña Etxeberriak. Bere ekimenez, erakusketak jartzen dituzte hilabetero. Egoiliarrei artea hurbiltzea, eta herritarrak egoitzara gerturatzea da asmoa.
Aloña Etxeberria (Donostia, 1979) Petra Lekuona Zaharren Egoitzako psikologoa eta monitorea da. Bere ideia izan zen hilabetero erakusketa bat bertan jartzea. Artistek, bisitariek eta egoiliarrek ondo erantzun dutela dio.
Urtebete daramazue proiektuarekin.
Bai. Iazko xanistebanetarako jarri genuen lehenengo erakusketa.
Nola otu zitzaizun erakusketak egoitzan jartzea?
Zerbait isolatua bezala hasi ginen. Hemen izan zen egoiliar bat eta alabak margotu egiten zuen. Emakume hori hil zen, eta bururatu zitzaidan polita izango zela alabaren lanak hemengo egoiliarrei erakustea. Izan ere, egun batean bizpahiru koadro ekarri zituen ikusteko, eta denon interesa piztu zuten. Proposatu nion, eta berak bere aldetik beste bi margolariri ere ideia azaldu zien. Bera Esperantza Beasain da, eta Joxe Mari Isasarekin eta Ixiar Urkiarekin hitz egin zuen. Denen artean, erakusketa hori iazko xanistebanetako programan sartzea lortu genuen. Ondoren, dagoeneko erakusketa hartarako prestatuta genuenez gune bat, eta hemen ere ideia gustatu zitzaienez, aurrera eramaten saiatu naiz. Hala, hilabetean behin, artista amateur ezberdin bati aukera ematen diogu bere lanak egongela handi honetan erakusteko.
Bi helburu ditu egitasmoak, ezta?
Bai, horiek dira proiektuaren oinarria. Bi helbururekin pentsatuta neukan proiektua. Batetik, hemen bizi diren askok ezintasun handiak dituzte, eta ez dute aukerarik, gehienek behintzat, herrian edo beraien komunitatean antolatzen diren erakusketetan eta ekimenetan parte hartzeko, eta arteaz gozatzeko. Hala, artea hona ekartzea erabaki nuen. Nik ere horrela lan egin dezaket eurekin. Gogorarazteko ariketak egiten ditugu, esaterako. Ariketa kognitiboak, koadroak oinarri hartuta. Egoiliarrek arteaz gozatzea eta lan pixka bat egitea lortzeko dugu erakusketekin. Gainera, estimulu berriak dira beraientzat, eta etxea jantzi egiten dugu. Hilabetero aldatzen diogu itxura. Bigarren helburua, berriz, kontrakoa da. Herritarrak hona hurbiltzea da asmoa. Jende asko ez da hona gerturatzen, zaharren egoitzek dituzten estereotipoengatik. Erakusketak aitzakia izatea nahi dugu herritarrak hona gerturatzeko, eta hori dela medio, lehengo ezagunak, bizilagunak… egoiliarrengana hurbiltzea. Horrez gain, saiatzen gara erakusketarik inoiz jarri ez dutenak erakartzen, eta hala baloratua izan dadila euren lana. Koadro gehienak pasaiieak eta egoera ezagunak dira, izan ere, erakargarri egiten zaizkie egoiliarrei.
Zein balorazio egiten duzue urte honetaz?
Ona. Jendea gustura dago, artistak ere gustura daude… Ekimenak kuriositatea piztu du.
Nola jartzen zarete kontaktuan artistekin?
Hasieran horixe izan zen zailena, baina joan gara kontaktuak egiten pixkanaka. Hasierako margolari horiek, gero Isasaren ikasleak, Groseko Catalina Erauso arte klubarekin egon naiz… Duela gutxi Garmendi txokolategian izan nintzen, eta han ere eman zizkidaten hainbat izen. Pixkanaka bidea egiten noa. Hala ere, esan nahi dut hau irekita dagoela, eta animatzen denak gurekin kontaktuan jarri besterik ez du. Hona etorrita, edota telefonoz, 943 26 10 80 zenbakian.