http://youtu.be/AM_qcOe1tR4
Frantzisko Petriarena Berrondo Xenpelarrek jaso du azkenean merezitako aitortza. Luze joan da baina atzo Foru plazan, herritar askok Xenpelar plaza deitzen dutenean, bertsolariaren omenezko eskultura inauguratu zuten. Bertsolariaren izena duen Xenpelar Bertso Eskolak egindako lana eta denbora luzeko esfortzuak izan du fruitua azkenik eta atzokoan hamarnaka eta hamarnaka herritarren artean aitortza jaso zuen Xenpelar bertsolariak, 179 urte beteko zituen egunean.
Bertsolarien saioa ez zen falta izan eta Xenpelar Bertso Eskolako kide diren Arkaitz Oiartzabal Xamoa eta Haritz Kasabal, eta Andoni Egañak saio polita eskaini zuten. Ereintzako dantzariak, Errenteria Musikaleko Musika Bandak eta txistulariek ez zuten kale egin atzoko hitzorduan. Julen Mendoza alkateak berak, bertsotan egin zuen interbentzioa. Julian Albistur bertso eskolako kide eta ekimenaren bultzatzaileetako batek eskulturaren ideiaren hastapenetara jo eta egindako ibilbidea azaldu zuen eta eskerrak eman zizkien ideia azkenik errealitate bihurtzen lagundu duten guztiei.
Gotzon Huegun eskulturegileak ere ez zuen hutsik egin eta eskulturaren gaineko zehaztasunak eman zituen.
Xenpelarren fruituak
Eskultura Gotzon Huegun eskultore lasartearrak egin du, eta Xenpelarren fruituak izena jarri dio. Eskulturak zuhaitz itxura dauka, eta zuhaitzaren fruituak bertsoak dira. Hain zuzen, Andoni Egaña bertsolariaren laguntzarekin Xenpelarren bertsoen artean aukeraketa egin, eta horiek agertzen dira eskulturaren ertzetan. Eskulturak 3 metroko altuera du, eta 2,40 metroko zabalera.