Granabot lehiaketako bigarren saria jaso du Don Boscok
Hilaren 8an Granabot robotika lehiaketa egin zuten Granadan (Andaluzia, Espainia). Bertan parte hartu zuten Don Boscoko Mikel Beldarrain eta Xabier Madurga ikasleek eta La Salle Berrozpeko Mikel Arrikartek. Bigarren sariarekin itzuli dira.
Espainiako Estatuko 68 proiektu izan dira. Errenteria-Oreretako ikasleek parte hartu duten proba libre kategoriaren barruan, hamabost proiektu aurkeztu dituzte. Don Boscok jakinarazi duenez, aurkeztutako proiektuen maila “ikusgarria” izan da, eta meritua, horrenbestez “handiagoa” izan da.
“Granaboteko epaimahaiak robotak dituen elementu teknologikoak nabarmendu ditu, baita dituen hiru kamerak, horietako batek iluntasunean ikusteko aukera ematen du infragorriekin”, azaldu du Don Boscok.
Wifia ere badauka eta Internetetik kontrolatzeko aukera ematen duela jakinarazi du. Horrez gain, aplikazio bat egin dute smartphone edo tablet batetik robotaren mugimenduak kontrolatzeko nahiz irudiak hartu eta gordetzeko.
Don Bosco sariak
Larunbat honetan, hilak 17, Don Bosco sariak emango dituzte. Bertan teknologia arloan dabiltzan ikasleen lanak ikusi ahal izango dira, baita egunez egun egiten duten ikerketa lana ere.