Joxe Mari Sors ('Egunkaria'-ko auzipetua): "Azkenean, EAEko autonomia zalantzan jartzen ari da fiskaltza"
‘Egunkaria’-ko auzi ekonomikoa luzatu daitekeelako kezka du Joxe Mari Sors auzipetuak (Errenteria-Orereta, 1951). Enpresaria da, eta auzia ondo ezagutzen du.
E. Esnaola / Berria
Euskalgintzako enpresaria zarenez, ezagutzen dituzu arloko diru laguntzak emateko moduak.
Espainian diru laguntzak ematen dira, baldin eta enpresa bat defizitarioa eta kulturalki, industrialki eta abar interesgarria bada. Euskal Herrian euskararen kasuan gauzak ez dira horrela: euskara hizkuntza gutxitua delako ematen dizkiete enpresei diru laguntza publikoak, enpresak etekinak dituen edo ez begiratu gabe. Informatika enpresa handiek edo banku handiek ere jasotzen dituzte Jaurlaritzaren laguntzak, euskara garatzeko. Haiek ez bezala, diru laguntza horiek beharrezkoak dituzte euskalgintzako enpresek. Egunkaria-k etekin batzuk izan zituen, besteak beste laguntzak zituelako; laguntzak ez balitu, kiebra joko zukeen. Gainera, Egunkaria-ri ezin zion Jaurlaritzak nahi adina diru eman, legez ehuneko horrenbesteko muga bat baitago. Egunkaria-k muga horrekin iraun zuen, eta urtetik urtera ditu iturri propio handiagoak zituen. Guardia Zibilak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak bidea moztu zioten arte.
Enpresa arrunt batek bezala jokatzen al zuen Egunkaria-k zergatan eta?
Bai. Enpresa batean arduradunek bere entitatearen alde egin behar dute, onurak ateratzeko. Iruzurrik egiteke, BEZa eta fiskalitatea interpretatu egin behar ditu, interpretatzeko modukoak baitira. Egunkaria-k hori egiten zuen, beste edozein enpresak bezala, eta diru kontuak aurkezten zituen bere akziodunen batzarrean, baita Gipuzkoako Ogasunean ere —Gipuzkoan zuen egoitza—. Ondoren, Egunkaria-ren datuak aztertu zituen Ogasunak, eta han deliturik ez zegoela esan zuen.
Fiskaltzak zergatik ez du hori aintzat hartzen?
Guardia Zibilak-eta pentsatzen dute euskara babestu behar bada, instituzioek babestu behar dutela, euskarako proiektuak publikoak izan behar direla, eta izaera juridikoz publikoa ez den proiekturik baldin badago, Guardia Zibilak dio egitasmo hori ETArena dela. Euskal industria kultural ez-publikoa kriminalizatzeko egiten du. Fiskalaren helegiteak Guardia Zibilaren teoria hori jasotzen du, berriro baleko bihurtu nahi du. Badirudi Guardia Zibilak idatzi diola helegitea.
Orain ezin dute ETArekin lotu Egunkaria, 2010eko absoluzio epaiagatik.
Baina euskalgintzako enpresen aurka segitzeko interesa dute, eta horri forma bat eman diote orain. Lehen ETArekin nahasten zuten Egunkaria. Orain bestelako hitzak erabiltzen dituzte; enpresa sarea, adibidez. Egunkaria-k edozein enpresa taldek bezala jokatu zuen, bere baitan enpresa desberdinak izanda: banaketakoa, egunkariaren editorea…; eta gero enpresen arteko kontsolidazioak merkatu prezioetan oinarrituta egiten zituen, garbi. Fiskalak-eta diote kontabilitate bikoitza edo hirukoitza zituela, susmoa zabaldu nahian. Azken batean, Guardia Zibilaren teoria da: dirua dago, ETAk dirua du, diru mugimendu bat egon dela justifikatzeko enpresa bat aurkituko dugu, eta, ahal bada, enpresa hori euskal kulturakoa izan dadila. Egunkaria hautatu zuten. Baina hau guztia orokorragoa da.
Zergatik?
Hemen, azkenean, EAEko autonomia zalantzan jartzen ari da fiskaltza. Diru laguntzen eskumena Jaurlaritzak du, Jaurlaritzak esan zuen guztia legez egin zela, baina fiskaltzak hori ukatu egiten du, eta epaiketa egin nahi du. Beraz, honela gaude: frogatu zen ETAren eta Egunkaria-ren artean harremanik ez zegoela, Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Ogasunaren aldetik frogatu zen Egunkaria-k iruzurrik ez zuela egin, Donostiako Zigor Auzitegiko epaileak auzi ekonomikoa itxi egin zuen, baina fiskalak dena baldintzatu du helegitearekin, auzia epaiketara bidean jarrita.