Oinatz Mitxelena
Irungo EH Bilduren Udal Taldeak 2014ko San Pedro eta San Martzial jaien balorazioa egin zuen atzo goizean emandako prentsaurrekoan. Oinatz Mitxelena bozeramailearen hitzetan, jaiak “normaltasunez” igaro dira. “Egitarau barneko zein kanpoko jarduera guztiak arrakastaz burutu dira” gaineratu zuen, “Irunen jaien ereduaren inguruan asko dugu hobetzeko, bai eta alardearen arazoa konpontzeko, baina aurtengoa ikusita Irundarrak zoriondu behar ditugu”.
Hala eta guztiz ere, zenbait kontu azpimarratu zituen bozeramaile abertzaleak, tartean, Urdanibia plaza, Ficoba eta alardea bera. Hala, Urdanibia plazaren inguruan emandako eztabaidaren aurrean “udal gobernuaren aldetik arazoak” besterik ez direla egon adierazi zuen. Hala eta guztiz ere, Moskuko tabernarien eta txosnak jartzen dituzten elkarteek egindako lana ere nabarmendu zuen Mitxelenak, eta Ficobaren alde egindako apustuak “porrot” egin duela gaineratu zuen.
Azkenik, alardearen aferaren inguruan “beste urte batez Irungo jaiegunik handienean herrian gatazka bat dagoela ikusi dugu”. Horren adierazle da abertzaleen arabera, arratsaldean Kale Nagusian ikus zitekeen argazkia, “ertzainez josita”. Hori dela eta, egoera konpontze aldera zerbait egiteko eskaria luzatu dio Mitxelenak udalari: “Hau ez da normaltasuna eta gatazka hau konponbidean jartzera deitzen ditugu udaletxeko alderdi politiko guztiak, mahaian eseri eta hitz egiten hasi gaitzen, III. Berdintasun planetik kendutako programak zioen bezala”, bukatu zuen.