Udalak Antxoko hirigintza beharrak herritarrekin aztertzeko parte hartze prozesua abiatuko du
Trenbidea lur azpitik bideratzeak eragingo dituen aldaketak kontuan hartuta espazioen berrantolaketa aztertu nahi dute herritarrekin batera
Denon artean eta denontzako Antxo eraikiz izenburupean parte hartze prozesua abiatu nahi du Udalak udazkenean. Atzo jakinarazi zuen asmoa Izaskun Biurrun alkateordeak, plenoan, PSE-EEk Biteri plazarako urbanizazio planaren gainean aurkeztutako mozio baten harira. PSE-EEren mozioak ez zuen aurrera egin, PPren eta EAJren babesa lortu arren, Bilduk eta EBk kontra botatu zutelako.

Kontra agertu ziren bi alderdiek argudio bera erabili zuten. Izan ere, PSE-EEren mozioak Biteri plaza eta inguruaren urbanizazioarentzako ideia lehiaketa bat abiaraztea proposatzen zuen, ondoren herritarrei balizko egitasmoak aurkeztu eta horien artean aukeratzeko. Alderantzizko norabidean landu nahi dute gaia Bilduk eta Ezker Anitza-IUk, hau da, lehenbizi herritarrekin adostu nahi dute zeintzuk diren beharrak eta lehentasunak, eta ondoren arkitekto eta bestelako adituei behar horiek erantzuteko proiektuak eraiki ditzatela eskatu.
Bien bitartean, udazkenean abiatu nahi duten prozesua lantzeko Elhuyarrekin elkarlanean ari direla aurreratu zuen Biurrunek, eta hainbat egitasmo aurreratu zituen. Hala, Molinaoko parkean hirugarren adinekoen gimnastikarentzat egokitu nahi duten aisialdi gunea aipatu zuen, eta baita orain eraikitzen ari diren pilotalekuaren frontisean eskaladarako eraikiko duten bulderra ere. Azkenik, anbulatorioa izandakoan alkateordetzaren funtzioa beteko lituzkeen bulegoak atondu nahi dituztela zehaztu zuen.
Trenbidea lur azpitik
Biurrunek zehaztu zuenez, udazkenean abiatu nahi duten prozesua lehendik eremu berbererako egin izan diren prozesuen jarraipena litzateke. Edonola ere, gaur egun, Antxorako bestelako hirigintza egitasmo garrantzitsuak daudela eta horiek espazioa berrantolatzeko aukerak ekarriko dituztela jakinarazi zuen alkateordeak. Izan ere, EuskoTrenek epe laburrean lur azpitik bideratu nahi baitu trenbidea Pasai Antxon. Egitasmo horrek, erabateko aldaketa suposatuko luke barrutiarentzat, besteak beste, gaur egun trenbideak beretzat hartzen duen lur eremu guztia libratzea ekarriko lukeelako. Trenbidea lurperatzeko lanek, baina, eragin handia izango dute barrutian. Izan ere, EurkoTrenek duen proiektuaren arabera, trenbidea Gure Zumardiaren azpialdetik zeharkatuko baitu Antxo. Lan horiek, beraz, barrutia alderik alde zeharkatuko dute, eta besteak beste, Azokako eraikina eraistea ekarriko lukete.