Lekuona arte eszenikoen zentro garaikidea izateko hitzarmena sinatu dute aldundiak eta udalak
Errenteriako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko akordioa atzo irudikatu zuten, Donostian. Bertan Julen Mendoza Errenteria-Oreretako alkatea eta Ikerne Badiola Kultura diputatua izan ziren bertan, Vaumm arkitekto estudioko Jon Muniategiandikoetxearekin (eurek diseinatu dute proiektua).
Zentroa eraikitzeko obrak hilabete honetan bertan hasiko dira, eta 2016rako bukatuko dituzte, Donostiako Kultura Hiriburutzarekin batera. 4.400 metro koadro izango ditu espazioak, eta erakusketa aretoa zein sorkuntzarako gelak izango dira eraikinaren ardatz nagusiak. 6.642.000 euro kostatuko du zentro berriak, eta horietatik %60 aldundiak jarriko du. Gainontzekoa Errenteriako Udalaren esku geratuko da.
Badiolak parte hartze proiektua zehazteko prozesua nabarmendu du. Horrez gain, esan du zentroak esperimentazioan eta sorkuntzan bide berriak irekiko dituela. Mendozaren esanetan, Errenteria-Orereta “hiri postindustrial bat izatetik sorkuntza gune izatera” pasako da. Gainera, Oiartzun ibaia ardatz bilakatuko dela uste du.